Gizartea -
Koronabirusa
Bezperako datuak errepikatuta, 60 kasutik behera kokatu da berriro Nafarroa
57 positibo zenbatu dituzte, eta hala, 13. egunez jarraian, 100 kasutik behera atzeman dituzte. Dena dela, positibotasun tasak % 5eko langa igaro du.
E. G. | EITB MEDIA
Nafarroak bezperako datuak errepikatu ditu, 60 positibotik behera zenbatuta (57), Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.
Zehazki, 1.091 proba diagnostiko egin dituzte (aurreko egunean baino 532 gutxiago), eta horietatik % 5,2 positibo izan dira. Azken 15 egunetan lortutako markari (positibotasun tasa % 5etik behera egotea) ezin izan dio eutsi oraingoan Nafarroak.
13. egunez jarraian, 100 kutsatzetik behera zenbatu dituzte, horrenbestez. Duela bi asteko datuekin alderatuta, gainera, 23 kasu gutxiago atzeman dituzte. Pandemiaren bilakaera ikusita, asteon bertan Nafarroako Gobernuak apur bat arinduko ditu covid-19aren kontrako neurri murriztaileak.
Atzo ez zen hildakorik izan eta aurreko egunetan ez zen hildakorik jakinarazi. Nafarroan, guztira, 1.094 pertsona hil dira jada covid-19aren ondorioz.
Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 72 erregistratu dituzte, eta Tuteran, % 5. Lizarran ez zen kasurik erregistratu. Gainerako positiboak (% 23) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Kasu gehien pilatzen dituzten gune eta udalerriei dagokienez, Iruñeko bi auzo dira denen buru: Azpilagaña eta Ermitagaña, launa kutsaturekin. Ondoren datoz Sarriguren, Zuasti, Doneztebe eta Urdiain herriak eta Iturrama eta Sanduzelai auzoak, hirunarekin.
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen arabera, talde nagusiak 15 urtetik beherakoak eta 15 eta 29 urte bitartekoak dira, bakoitza % 32rekin; ondoren, 45 eta 59 urte bitartekoak daude, % 15ekin. Ondoren, 30 eta 44 urte bitarteko taldea dago (% 10), eta 60 eta 75 urte bitarteko segmentua (% 9). Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea dago, % 2rekin.
Positibo berrien batez besteko adina 27,1 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 58 emakumeak dira eta % 42 gizonak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 126 pertsona daude ospitaleratuta, atzo baino bat gutxiago; horietatik 21 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bat gutxiago), eta beste 27 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bi gehiago). Gainerakoak, 78 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bi gutxiago).