Gizartea -
LUIZIA ZABORTEGIAN
Epaiketako gastuei aurre egiteko 9.600 euro bildu ditu orain arte Zaldibar Argituk
Zaldibarko zabortegiko luiziari buruzko epaiketan herri akusazio gisa aurkeztuko da Zaldibar Argitu plataforma, eta 20.000 euro bildu nahi ditu. Dirua biltzeko kanpainak zabalik jarraitzen du.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Gaur-gaurkoz, Zaldibar Argitu plataformak 9.636 euro bildu ditu epaiketako gastuei aurre egiteko abian jarri duen diru bilketa kanpainan.
Zaldibar Argitu herri-akusazio gisa aurkeztuko da Zaldibarko zabortegiko luiziari buruz egingo den epaiketan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartarekin batera. 20.000 euro bildu nahi ditu eta dirua biltzeko kanpaina abiatu du horretarako, Itsulapikoa crowdfunding plataformaren bitartez. Oraindik ere zabalik dago diru ekarpenak egiteko epea.
2020ko otsailaren 6an luizia gertatu eta urtebetera, Joaquin Beltran beharginaren gorpuaren bila jarraitzen dute Zaldibarko zabortegian. Luiziak bi langile harrapatu zituen.
Abuztuan, Alberto Sololuze langilearen gorpuzkiak topatu zituzten hondakinen artean. Ordutik, Joaquin Beltran aurkitzeko lanean jarraitu dute, baina oraingoz emaitzarik gabe.