Gizartea -

'Lagundu argitzen'

Zaldibarko zabortegiaren "hondamendia" argitzeko laguntza ekonomikoa eskatu dute

Zaldibar Argitu plataformak kultur ekitaldia egin du Eibarren, zabortegian desagertutako bi pertsonak oroitzeko eta erantzukizunak argitzeko eskatzeko.

'Lagundu argitzen' ekitaldia, Eibarren. EITB Mediaren bideo bateko irudia
'Lagundu argitzen' ekitaldia, Eibarren.
Zaldibar Argitu plataformak kontzertu akustikoa antolatu du Eibarren

0:38

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaldibar Argitu plataformak Lagundu argitzen izeneko jaialdia egin du Eibarren (Gipuzkoa), Zaldibarko (Bizkaia) zabortegiko luizian hil ziren bi langileak oroitzeko eta "desastrea" erabat argi dadin eskatzeko. Otsailaren 6an urte bat beteko da zabortegia behera etorri zenetik.

Plataforma Durangoko epaitegian abian den auzian parte hartzen ari da, eta gastu horiei aurre egiteko dirua biltzeko baliatu dute kultur ekitaldiez osatu duten jaialdia. 20.000 euro inguru bildu nahi du plataformak, eta ekitaldian iragarri duenez, sare sozialen bitarteko crowdfunding-a abian jarriko dute helburu hori lortzeko.

Zabortegian gertatutakoa mota askotako hondamendia izan zela salatu du Janire Lazkano Zaldibar Argitu plataformako kideak. Bi biktima utzi zituen hondamendi ekologikoa izateaz gain, kudeaketa politiko ilunaren ondorioa izan zela salatu du.

"Desastre sozial eta humanoa, bi langile etxera itzuli ez zirelako; desastre ekologikoa, amiantoz nahasturiko zaborrezko mendi bat erori zelako, gure lur, ur eta airea kutsatuz; desastre politikoa, kontrol falta, laguntxoen arteko negozioa, aurpegi zuritzeak…", esan du Lazkanok.

Auzitegietan epaitzen ari diren honetan, plataformak ez du Zaldibarren gertatutakoa ahaztea nahi, eta erantzukizunak erabat argitzeko eskatu du.

Alberto Sololuzeren gorpuzkiak 2020eko abuztuan aurkitu zituzten, baina oraindik agertu gabe jarraitzen dute Joaquin Beltranenak. Biak desagertu ziren 2020ko otsailaren 6an gertatutako luizian, eta biak oroitu dituzte Eibarko ekitaldian.

Zaldibar Argitu plataformak "babes handia" jaso du esparru kulturaletik, Jokin Bergara kideak azaldu duenez. Izan ere, "indar edo eremu sozial desberdinetara iristen" saiatu dira, eta Eibarko ekitaldiarekin lortutakoa "pozgarria eta harro egoteko modukoa" da.

Musika, zinema eta bertsolaritza munduko sortzaileak izan dira ekitaldian, besteak beste, Gorka Urbizu, Olatz Salvador, Liher, Mursego, Eneko Sagardoy, Maialen Lujanbio eta Miren Amuriza.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Lan-istripuak Gaurko albisteak Bizkaia Albisteak Gipuzkoa Eibar albisteak Gizartea bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Zaldibar azken ordukoa Durangaldea gaur Mendi-magaletako lur-jausiak