Gizartea -

Koronabirusa

Pandemiak % 7,8 handitu zuen heriotza kopurua EAEn 2020ko hirugarren hiruhilekoan

Hala ere, igoera % 12,5ekoa izan zen azken 10 urteetako batez bestekoarekin alderatuta. Covid-19a izan da heriotzen laugarren kausa nagusia.

Ehorztetxe bateko langileak hildako batekin. Argazkia: Efe
Ehorztetxe bateko langileak hildako batekin. Argazkia: Efe
Ehorztetxe bateko langileak hildako batekin. Argazkia: Efe

M.G. | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eustatek landutako datuen arabera, 2020ko hirugarren hiruhilekoan 5.349 pertsona hil ziren Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, aurreko urteko epe berean baino % 7,8 gehiago. Hala, hiruhileko horretan 387 heriotza gehiago izan ziren aurreko urteko hiruhileko beraren aldean, baina aurreko 10 urteetako batez bestekoa baino 596 gehiago. 

Araban, heriotzen igoera % 10,5ekoa izan zen; Gipuzkoan, % 8,8koa; eta Bizkaian, % 6,6koa. Sexuaren arabera, 2.684 gizon eta 2.665 emakume hil ziren; horrek esan nahi du % 10,6ko igoera izan dela gizonen kasuan eta % 5,1ekoa emakumeen kasuan, Eusko Jaurlaritzaren Estatistika erakundearen arabera.

Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren, 1.513 eta 1.295 heriotza eragin baitzituzten, hurrenez hurren; beraz, bien artean heriotzen % 52,5 izan ziren. Hirugarren heriotza-kausa nerbio-sistemako gaixotasunak izan dira, 361 kasurekin, (% 6,7), eta laugarren kausa covid-19a izan da, 356 kasurekin (% 6,6). Gainera, beste 52 heriotzatan covid-19a heriotza-kausa ziurtatuen artean egon zen, baina funtsezko kausa izan gabe.

2.000 heriotzatik gora 9 hilabetetan

Lurraldeka, kopuru handiena Bizkaiari dagokio (204), eta gero Gipuzkoa (90) eta Araba (62) daude.

Covid-19ak eragindako heriotzen % 96,3 60 urtetik gorakoen artean gertatu zen, eta % 77,5 80 urtetik gorakoen artean.

2020ko lehen bederatzi hilabeteetan 2.077 heriotza gertatu ziren COVID-19aren ondorioz. Heriotza gehienak martxoan (503) eta apirilean (1.048) gertatu ziren; gutxitu egin ziren maiatzean (147), ekainean (23) eta uztailean (8), eta berriz ere gora egin zuten abuztuan (93) eta irailean (255). Beste 258 heriotzatan ere izan zuen zerikusia covid-19ak, baina ez zen kausa nagusia izan.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba EAE Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Koronabirus-agerraldiak Eustat