Gizartea -

Luis Garrido epailea

"Epidemiologoak ikastarotxo bat egin duten familiako medikuak dira"

Gune gorrietako ostalaritza berriro ireki duen Aretoko presidenteak epidemiologoen lana gutxietsi zuen erabaki judizialaren berri emateko bezperan.

Luis Garrido EAEko Auzitegi Nagusiko epailea
Luis Garrido EAEko Auzitegi Nagusiko epailea
Luis Garrido EAEko Auzitegi Nagusiko epailea

EiTB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gune gorrietako ostalaritza berriro irekitzea baimendu duen EAEko Auzitegi Nagusiko Aretoaren presidenteak, Luis Angel Garrido epaileak, epidemiologoen aurka egin zuen erabaki judizialaren berri emateko bezperan, irrati bateko solasaldi batean.

"Epidemiologoak ikastarotxo bat egin duten familiako medikuak dira", adierazi zuen astelehenean, Herri Irratia - Radio Popular irrati-katean, bide batez Lehen Arretako medikuen lana ere gutxietsita.

Are gehiago, Garridok gaineratu zuen Epidemiologia ez dagoela "dirudien bezain aurreratua", eta zientzia horren egungo maila Erdi Arokoarekin parekatu zuen.

Hori argudiatzeko, honako adibidea jarri zuen: "Demagun Bizkaian % 2.000 hazi direla sexu-transmisioko gaixotasunak, eta nik, inguruko epidemiologo garrantzitsuenak, esan dudala: oso erraza da, egon zaitezte bi urte sexu-harremanik gabe eta jaitsi egingo da kurba". Gauza gehiago esan zituen: "Eta orain esaten ari dira: birusaren transmisioa jaisteko, gera zaitez etxean, ez hitz egin inorekin, ez joan kultur ikuskizunetara... Hori bazekiten Erdi Aroan ere!".

Gaur arratsaldean, ETBri eskainitako elkarrizketa batean, aipatu adierazpenak argitu nahi izan ditu. Izan ere, "tertulia baten beroaldian" egindakoak izan zirela, eta "agian zuzena ez zen esaldiren" bota zuela aitortu du. Hala eta guztiz ere, berretsi du, "zientzia epidemiologikoa datu estatistiko bezala oso garrantzitsua" den arren, "hemen eta herrialde guztietan" hartutako neurriak, ez direla "Erdi Aroan hartzen zirenen desberdinak".

"Itxialdi gehiagorik ez"

Luis Garrido epailea Whatsappeko profilan duen esaldiagatik ere egon da gaur polemikaren erdigunean. Izan ere, zenbait hedabidek jakinarazi dutenez, "No more lockdown" (Itxialdi gehiagorik ez) lema du sare sozial horretan.

Van Morrison musikariak udazkenean argitaratu zuen izen bereko kantutik atera du esaldia epaileak. "Itxialdi gehiagorik ez. Gobernuaren gehiegikeria gehiagorik ez. Polizia faxista gehiagorik ez. Gure bakea urratuz" esaldiekin hasten da, hain zuzen ere, "No more lockdown" kantua. Azkenaldian, Erresuma Batuko eta mundu osoko negazionisten aldarri bilakatu da "ereserkia" hori. Hori bai, ETBri eskainitako elkarrizketa batean, Garridok ukatu egin du negazionista dela.

Horren ildotik, birusaren existentzia eztabaidaezina dela esan du, covid-19ak jende asko hil duela eta ospitaleak gainezka daudela. Halere, berretsi egin nahi izan du ez dagoela taberna eta jatetxeen itxiera justifikatzeko frogarik.

Whatsaperako hautatu duen leloak eragin duen polemikaren harira, Van Morrisonen jarraitzaile sutsua dela argitu du Garridok: "Musikari irlandarraren eskuak dira nire profileko argazkian saxofoia jotzen agertzen direnak". Abestiari dagokionez, adierazi du gustuko duela, nahiz eta esaldi batzuekin bat ez datorren ("Polizia faxista" esaldiarekin, adibidez).

"Eric Claptonen 'Cocaine' abestia gustatzeagatik narkotrafikatzaileak ezin epaitzea bezala litzateke", nabarmendu du, umoretsu.

Ostalaritzaren itxieraren aurka ez ezik, lagunarteko bilkurak gehienez sei pertsonakoak izatearen kontra ere agertu zen iazko urrian Garrido, Jaurlaritzaren aginduari entzungor eginda.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Bizkaia Gipuzkoa Araba WhatsApp Euskal Autonomia Erkidegoa Sare sozialak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Internet Koronabirusa EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaiketak