Gizartea -
Koronabirusa
Positiboek 100etik behera jarraitzen dute Nafarroan
Positibo tasak, aldiz, gora egin du: % 3,7tik % 4,8ra. Bestalde, sei pertsona hil dira azken egunetan Foru Erkidegoan.
E. G. | EITB Media
Nafarroak 100 kutsatze baino gutxiago atzeman ditu igande honetan, 80, hain zuzen, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.
Zehazki, igande honetan 1.652 proba diagnostiko egin dituzte (bezperan baino 698 gehiago), eta horietatik % 4,8 positibo izan dira (bezperan baino % 1,1 gehiago). Larunbat honetako datuekin alderatuta, beherakada txikia da (-7), baina oso nabarmena duela astebeteko datuekin (-81) edota duela bi astekoekin (-79) erkatuz gero. Intzidentziaren kurban beheranzko joera ikus daiteke, horrenbestez.
Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 36 erregistratu zituzten, Tuteran % 8 eta Lizarran % 3. Gainerako positiboak (% 53) Nafarroako beste zonalde batzuetan banatzen dira.
Kasu gehien dituzten udalerri edo guneei dagokienez, Caparroso dago buruan (8 kutsatze), eta ondoren daude Iruñeko Txantrea auzoa (6), Irurtzun (4) eta Iruñeko Azpilagaña, Arrotxapea eta Donibane auzoak (3).
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketa horrela gelditu da: nagusitzen diren taldeak 45 eta 59 urte bitartekoena (% 30) eta 15 eta 29 urte bitartekoena (% 19) dira. Ondoren, 30 eta 44 urte artekoak eta 15 urtetik beherakoak daude (% 18). Eta, azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoak (% 11) eta 75 urtetik gorakoak (% 4).
Positibo berrien batez besteko adina 39,5 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 53 gizonezkoak dira eta % 47 emakumezkoak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 180 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino zazpi gutxiago); horietatik 31 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bat gutxiago) eta beste 14 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bat gutxiago). Gainerakoak, 135 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bost gutxiago).
Bestalde, gaixotasun horrekin lotutako lau ospitaleratze berri izan ziren Foru Erkidegoan, horietako bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan. Halaber, atzo hiru pertsona hil ziren, 75, 86 eta 89 urteko gizon bat eta bi emakume, hurrenez hurren, eta aurreko egunetan hiru pertsona hil ziren, 89 eta 93 urteko bi emakume eta 91 urteko gizon bat.
Nafarroan, beraz, 1.061 heriotza eta 49.796 kasu zenbatu dituzte.
Txertaketa
Txertoari dagokionez, atzo 538 dosi eman zituzten, eta Nafarroan jada 35.035 jarri dituzte. Txertoaren bi dosiak hartu dituztenak 11.594 lagun dira, atzo 525 dosi jarri ostean.
Gaur eguerdira arte, 44.945 txerto jaso ditu Foru Erkidegoak, AstraZenecaren 2.700 dosiak barne; AstraZeneca da aste honetatik aurrera Pfizer eta Modernari batu zaien laborategia. Azken bi konpainia horietatik 5.850 dosi eta 1.600 dosi jaso dituzte gaur.
Horrela, aste honetan, Nafarroak bere txertaketa-prozesuarekin jarraituko du. Prozesua doitu egingo da, bide ezberdinetatik jasotako dosi berrien kopuruaren eta txertoen egokitze teknikoaren arabera.
Eskoletako egoera
Sare publiko eta kontzertatuetako 665 ikasle nafar euren ikastetxeetara itzuli dira gaur, astelehena, hezkuntza presentziala jasotzeko. Joan den asteburuan, 311 ikasle konfinatu zituzten.
Gaur egun, 1.586 ikasle daude prebentzioz konfinatuta, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien % 2,56. 80 gela isolatuta daude 47 ikastetxetan; hau da, prebentziozko konfinamendua izan dezaketen eskola-bizikidetzako talde egonkor guztien % 2,29.
EAE
Covid-19aren pandemiak 621 positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskadin, ostiralean baino 300 gutxiago, eta positibotasun tasak hobera egin du, % 5,8ra jaitsi baita, baina asistentzia-presioa oso altua da oraindik, batez ere zainketa intentsiboetako unitateetan, bigarren olatuan maximo berri bat erregistratu baitute: 164 gaixo egoera kritikoan.
Espainiako Estatuan, Osasun Ministerioak jakinarazi du ostiraletik 47.095 kasu atzeman dituztela, hau da, aurreko asteburuan atzemandakoen erdiak (93.822 izan ziren).
Hala ere, heriotzek gora egiten jarraitzen dute, eta 909 izan dira, eta aurreko astelehenean 762 izan ziren.