Gizartea -
Koronabirusa
Positiboak apur bat jaitsi dira Nafarroan, 225eraino
Bezperan baino lau gutxiago zenbatu dira. Dena dela, beheranzko joera nabarmenagoa da aurreko bi asteetako datuekin alderatuz gero.
E. G. | EITB Media
Apur bat bada ere, behera. Bide hori egin dute azken orduetan covid-19aren kutsatzeek Nafarroan. 225 positibo atzeman dituzte ostegun honetan, Foru Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera.
Zehazki, 3.248 proba diagnostiko egin dituzte (bezperan baino 576 gutxiago) eta horietatik % 6,9 positibo izan dira (positibotasuna bederatzi hamarren jaitsi a).
Bezperan baino lau gutxiago dira. Nolanahi ere, beherakada handiagoa da duela astebeteko zifrekin alderatuz gero (-28) eta are nabarmenagoa duela bi astekoekin erkatuta. (-80). Horrenbestez, astiro bada ere beherantz doa kutsatuen kurba.
Andosilla izan da ostegun honetan covid-19 kasu gehien zenbatu dituen udalerria: 13. Herriko San Sebastian adinekoen egoitzan 24 kasuko agerraldia izan dute. Beriainen, Burlatan eta Iruñeko Txantrea auzoan 10na positibo atzeman dituzte, eta Ansoainen, bederatzi.
Bestalde, 11 pertsona ospitaleratu behar izan dituzte Foru Erkidegoan, horietako bat ZIUn. Atzo 77 urteko gizon bat hil zen, eta aurreko egunetan 86 eta 92 urteko bi emakume. Dagoeneko covid-19ak 1048 hildako utzi ditu Nafarroan.
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako departamentuak jakitera eman duenez, Amma Mutilva adinekoen egoitzan 8 positibo baieztatu dituzte. Zentroak 178 adineko ditu. Positibo guztiek ez dute sintomarik, txertoaren bigarren dosia duela 10 egun hartu ondoren.
Agerraldia baheketa egin ondoren antzeman dute, egoitzan positibo bat baieztatu ostean.
Zangozako agerraldiari dagokionez, 12 pertsonak positibo eman dute. Honenbestez, agerraldian 16 positibo baieztatu dituzte. Guztiak txertoaren bigarren dosia jasotzeko zain zeuden.
Andosillako egoitzan 24 positibo atzeman zituzten ostegunean. 21 pertsonak ez dute sintomarik, beste bi bitarteko zentro batean daude, eta bat ospitaleratu behar izan dute.
Nafarroako adinekoen egoitzetan 91 kasu aktibo dira. Zortzi pertsona ospitaleratu behar izan dituzte, 19 Andosillako eta Iruñeko bitarteko zentroetan daude, eta gainerakoak egoitzetan pasatzen ari dira gaixotasuna.
Bestalde, haur eta lehen hezkuntzako 281 ikasle konfinatu dituzte azken 24 orduetan. 299, ostera, ikasgeletara itzuli dira koarentena bukatu ondoren.
Horrela, Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, 1921 ikasle euren etxeetan bakarturik daude (% 3,10).
Ikasgelei dagokionez, 52 ikastetxetan 95 konfinaturik daude (% 2,72).