Gizartea -

Koronabirusa

191 positibo berri eta lau heriotza atzeman dituzte Nafarroan covid-19aren ondorioz

Foru Erkidegoan, guztira, 1.039 pertsona hil dira, eta birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 48.837 kasukoa da.

Nafarroako parke bat, hutsik. Argazkia: EFE
Nafarroako parke bat, hutsik.
Nafarroako parke bat, hutsik. Argazkia: EFE

N.B. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroak 191 kasu positibo atzeman ditu astelehen honetan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera, osasun sistema publikoan 3.098 proba eginda (% 6,2).

Bezperan baino 30 kasu gehiago zenbatu dituzte astelehen honetan. Dena dela, duela astebete edo duela bi asteko datuekin alderatuta (kutsatze kopuru bera izan zen bietan: 239), 48 positibo gutxiago zenbatu dituzte.

Bestalde, gaixotasun horrekin lotutako hamar ospitaleratze berri izan dira Foru Erkidegoan, bat ere ez zainketa intentsiboen unitateetan. Halaber, 99 urteko emakume bat hil da, eta aurreko egunetan hiru: 52 eta 89 urteko bi gizon eta 91 urteko emakume bat.

Nafarroan, beraz, 1.039 heriotza izan dira orain arte covid-19aren ondorioz, eta birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko txostenen arabera eta Osasun Ministerioaren datuekin hileroko doikuntza egin ondoren, 48.837 kasukoa da Nafarroan.

Biztanleriaren arabera, proba diagnostiko gehien egiten dituen erkidegoa da beste astebetez Nafarroa: 921,19 proba 1.000 biztanleko, Osasun Ministerioaren estatistika ofizialaren arabera. Estatuko batez bestekoa 599,32 da 1.000 biztanleko.

Iruñean eta bere eskualdean astelehen honetako kasu positiboen % 66 erregistratu dira, Lizarran % 8 eta Tuteran % 7. Gainerako positiboak (% 19) Nafarroako beste zonalde batzuei dagozkie.

Gune edo udalerri astinduenei dagokienez, Iruñeko Arrotxapea eta Arrosadia auzoetan 15 eta 13 kasu atzeman dituzte, hurrenez hurren. Zerrendan hirugarrena da Barañain, 10 kutsatzerekin. Iruñeko I. Zabalgunean eta Antsoainen bederatzi eta zortzi positibo izan dituzte.

Erregistratutako kasu berrien adin tarteen araberako banaketari dagokionez, gehienak 45 eta 59 urte artekoak dira (% 24); ondoren, 30 eta 44 urte artekoak (% 20), eta, azkenik, 15 urtetik beherakoak (% 19). Ondoren, 15 eta 29 urte bitarteko taldea dago, positiboen % 14rekin, eta 60 eta 75 urte bitartekoak, % 13rekin. Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldean kutsatzeen % 10 daude.

Positibo berriek, batez beste, 40,7 urte dituzte, eta kasuen % 52 emakumeak dira eta % 48 gizonak.

Ospitaleetako okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 198 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino bederatzi gutxiago), eta horietatik 34 zainketa intentsiboen unitateetan daude (atzo baino bat gutxiago) eta 18 etxeko ospitaleratzean (atzo baino zazpi gutxiago). Gainerakoak, 146 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bat gutxiago).

Gaur egun konfinatuta dauden ikasleak guztizkoaren % 2,62 dira

Nafarroako sare publiko eta kontzertatuetako 326 ikasle euren ikastetxeetara itzuli dira gaur, aurrez aurreko hezkuntza jasotzen jarraitzeko. Aldi berean, 110 ikasle bakartu dituzte azken 24 orduetan.

Horiekin 1.622 dira konfinatutako ikasleak, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien % 2,62, alegia. Gelaka, 82 daude isolatuta 52 ikastetxetan, hau da, konfinatu daitezkeen talde egonkor guztien % 2,35.

Covid-19aren pandemiak 908 positibo berri utzi ditu azken orduetan Euskadin, aurreko egunean baino 44 gutxiago, eta positibotasun tasa ere hamarren bat baino gehiago jaitsi da, % 6,9raino, proba gehiago eginda. Hala ere, ospitaleko egoerak okerrera egin du; Gotzone Sagardui sailburuak esan duenez, azken astean 38 paziente gehiago daude zainketa intentsiboen unitateetako oheetan, eta hamar ospitaleratze izan zituen egunero unitate kritikoetan azken astean.

Koronabirusaren pandemiaren kutsatzeak mantsotu egin dira Espainiako Estatuan, intzidentzia jaitsi egin da eta ZIUetako presioa arindu egin da; hala ere, hirugarren olatuko hildako kopurua maila gorenera iritsi da: 724 pertsona. Hala, 59.081 dira koronabirusaren pandemia hasi zenetik Espainiako Estatuan hil direnak.

Positibo berriak 29.064 dira (2,85 milioi guztira) eta intzidentziak 18,8 puntu egin du behera, eta 100.000 biztanleko 846,84 kasukoa da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko albisteak Nafarroa Tutera berriak Gaixotasunak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Zientzia albisteak Osasunari buruzko albisteak Medikuak Erizaintza gaur Medizinak albisteak Txertoak azken ordukoa Zer gertatu da Barañain herrian? Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Anbulatorioak albisteak Osasunbidea gaur