Gizartea -
TXERTOAK
Pfizer-BioNtechek 75 milioi dosi gehiago emango dizkio EBri bigarren hiruhilekoan
Dagoeneko baimenduta dauden hiru txertoen ekoizleek (Pfizer-BioNtech, Moderna eta AstraZeneca) ekoizpen-arazoak izan dituzte, eta, ondorioz, EBra atzeratu dituzte haien hornidurak.
N.B. | EITB MEDIA
BioNtech Alemaniako enpresak astelehen honetan iragarri duenez, Europar Batasunari 75 milioi dosi emango dizkio bigarren hiruhilekoan, ekoizpen prozesuak optimizatu ostean.
"Otsailaren 15etik aurrera hornidura handitzeko lanean jarraitzen dugu, kontratuetan finkatutako dosi kopurua lortzeko", esan du Sierk Poetting konpainiako finantza zuzendariak ohar batean.
"Gainera, bigarren hiruhilekoan 75 milioi dosi gehiago eman ahal izango dizkiogu EBri", gaineratu du. Hornidura hori EBren bigarren eskaeraren parte da, 200 milioi dosikoa, eta beranduagorako espero zen.
EB kritiken jomuga izan zen, txertoen eskaerak beranduegi eta kantitate nahikorik gabe egin zizkielako enpresei.
Gainera, dagoeneko baimenduta dauden hiru txertoen ekoizleek (Pfizer-BioNtech, Moderna eta AstraZeneca) ekoizpen-arazoak izan dituzte, eta horrek EBra atzeratu ditu euren hornidurak.
Poettingen arabera, Belgikako Purus lantegian optimizazio lanak amaitu dira eta, ondorioz, Biontechek ekoizpena handitu ahal izango du. "Orain, horrekin, Europar Batasunera itzuli ahal izango gara", gaineratu du Poettingek.