Gizartea -
CORONAVIRUS
145 salaketa jarri ditu Foruzaingoak asteburuan, covid arauak urratzeagatik
Besteak beste, Zizur Nagusiko garaje batean botiloia egiten ari ziren 21 gazteri jarri diete salaketa. Baita beste 16ri Lodosan ere.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Urtarrileko azken asteburuan, 145 salaketa jarri ditu Nafarroako Foruzaingoak covid-19aren kontrako osasun araudia ez betetzeagatik. Herritarren 26 interbentzio eskaeraren berri eman du Poliziak:
Ostiralean, Orkoienera (taberna bateko terrazan arau-hausteak egiten ari zitezkeela abisatu zieten), Iruñera (hiru pertsona salatu zituzten saltoki batean maskara ez erabiltzeagatik), Taxoarera (baratze batean festa), Antsoainera (botiloia), Auritzera (tabernak ixteko ordutegiak betetzen ote ziren egiaztatzeko), Arronizera (neurriak urratzen ari ziren gazte taldeak) eta San Adrianera (gazte taldeak) joan ziren.
Larunbatean, Antsoainera, Iruñera (3) eta Etxarri-Aranazera joan ziren (isolamendu eta berrogeialdiko neurriak betetzen ziren egiaztatzea), Milagrora (kinto-jana, baina neurriak betetzen ziren), Olatz/Eguesera (hiru pertsona salatu dira abandonatutako etxe batean botiloia egiteagatik), Tuterara (festa landa inguruan), Altsasura (zenbait familia-unitateren balizko bilera izan zitekeelako), Caparrosora (botiloia), Torres del Ríora (ordutegia betetzen ez zuen taberna), Doneztebera, Iruñera (10 lagun bajera batean), Beriain (bederatzi pertsona salatuta), Oskotzera (hainbat pertsona salatuta neurriak ez betetzeagatik), Atarrabiara (festa etxe batean) eta Lodosara (16 gazte botiloia egitea), haietako batek salaketa jaso zuen agintaritza-agenteekiko errespetu faltagatik eta substantzia estupefazienteak edukitzeagatik.
Azkenik, Zizur Nagusira joan ziren, udalerriko Udaltzaingoarekin batera, bizilagun batzuek ohartarazi zutenean komunitatearen garaje batean festa bat egiten ari zirela. Lekuan gazte talde jendetsu bat zegoen, alkohola eta beste sustantzia estupefazienteak hartzen, topatutako zantzuen arabera.
Batzuk, poliziak ikustean, ihes egiten saiatu ziren. Beste batzuk ibilgailuen eta garajearen beste tokietan ezkutatzen saiatu ziren, baina agenteek topatu egin zituzten.
Festan zeudenek asteburuetan bertan egoten direla onartu zuten. Azkenik, 21 gazte salatuak izan ziren, covid-19aren kontrako araudia ez betetzeagatik.