Gizartea -
Bilbo
33 positibo eta hiru hildako Santutxuko atari bateko agerraldiarekin lotuta
Bizilagunen gertuko pertsonak identifikatu, eraikina "garbitu eta desinfektatu", eta baheketa egin dute.
EiTB MEDIA | AGENTZIAK
Osasun Sailak 33 kasu positibo atzeman ditu Bilboko Santutxu auzoko atari batean, urtarrilaren hasieran izandako covid-19 agerraldiarekin lotuta. Bertan atzemandako kasuetako asko larriak izan dira, eta hiru heriotza gertatu dira.
Gasteizen egindako agerraldian, Euskadiko egoera epidemiologikoa aztertu dute Jose Luis Quintas Osasun sailburuordeak eta Koldo Cambra Osasun Publikoko zuzendariordeak, eta Santutxu auzoan izandako agerraldian jarri dute bereziki arreta. Esan bezala, covid-19 agerraldi bat atzeman zuten bertan duela egun batzuk, eta zenbait bizilagun hil dira birusak jota. ETBk baieztatu ahal izan du hiru direla hildakoak.
Ildo horretan, Cambrak onartu du urtarrilaren 9tik 23ra jazotakoa "agerraldi larria" izan dela, kasu asko detektatu dituztelako, "horietako asko oso larriak".
Gaur bertan jakinarazi duenez, aztarnariek lan handia izan dute bertan, bizilagunen gertuko pertsonak identifikatzeko eta eraikina "garbitu eta desinfektatzeko". Bizilagunen artean, gainera, baheketa egin dute, eta 100 pertsonatik bostek eman dute positibo.
Bideoa: Zer egin behar da eraikinetako eremu komunetan ez kutsatzeko?