Gizartea -
KORONABIRUSA
Kutsatuen kopuruak gora egiten jarraitzen du Nafarroan; atzo 183 atzeman zituzten
Bezperan baino 21 kutsatu gehiago atzeman dituzte, Nafarroako Gobernuaren behin-behineko datuen arabera. Positibo tasak ere gora egin du eta 7,5ean kokatu da.
A. S. | EITB MEDIA
Koronabirusarekin kutsatutakoen kopuruak gora egiten jarraitzen du Foru Erkidegoan, atzo 183 positibo zenbatu baitzituzten, Nafarroako Gobernuak emandako behin-behineko datuen arabera. Bezperan baino 21 kasu gehiago zenbatu dituzte egun bakarrean. Positibo tasak ere gora egin du eta 7,5ean kokatu da.
Azken bi hilabeteetako positibo kopururik altuena atzeman dute osasun agintariek Nafarroan, azaroaren 14tik zenbatu den kopurutik handiena. Kutsatze tasa % 7,5ean kokatu da eta guztira ia 2.500 proba egin dira.
Koronabirusari aurre egiteko neurriak gogortu edo ez erabakitzen ari da orain Chiviteren Gobernua. Eguberrietan pandemiak izan duen bilakaera aztertu eta neurri berriak ezagutzera emango ditu asteazken honetan Foru Gobernuak.
Azken datuen artean daude Erron, Ibañetako egoitzan, izan den agerraldian atzemandako kutsatzeak eta Barañaingoan izandako 10 positiboak.
Bestalde, Osasun Ministerioak jakinarazi du beste 38.869 positibo izan direla azken orduetan Espainian. Hortaz, pandemia hasi zenetik 2.176.089 pertsona kutsatu eta 52.878 hil dira. Atzo 195 heriotza izan ziren. 100.000 biztanleko kutsatze-tasa, berriz, 492koa da, azaroan izandakoaren antzekoa.