Gizartea -
TXERTAKETA
Modernaren txertoaren lehen sorta aste honetan hel daiteke EAEra
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Sagarduik esan du ezin duela Modernaren lehen bidalketa horren kopururik zehaztu, ez duelako halakorik.
A. S. | EITB Media
Aste honetan helduko da EAEra Modernaren txertoen lehen sorta, baina dosi kopurua ez da ezagutzen, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astearte honetan adierazi duenez.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Sagarduik esan du ezin duela Modernaren lehen bidalketan izango diren txerto dosien kopururik eman, ez baitu halakorik. "Espainiar Estaturako prest egon daitezkeela uste dugu eta, beraz, EAEk bere zati proportzionala izango du", gaineratu du.
Covid-19aren aurkako txerto berriaren dosiak eskura izan bezain laster, Euskal Autonomia Erkidegoan dosi horiek emateko prest daudela ziurtatu du.
Nolanahi ere, oraingoz, EAEk Pfizerren txertoaren 193.050 dosi dituela zehaztu du. Sailburuak uste du laister izango dituztela Modernaren txertoak eskuartean: "Dosi gutxiago izango dira, eta bi bider eman beharko da txerto hau ere".
Gainera, AstraZenecaren txertoaren onarpena gertu egon daitekeela gogorarazi du. "Horrek guztiak zehaztuko du zein egunetan egongo diren herritar guztiak edo gehienak immunizatuta", ziurtatu du.