Gizartea -

Koronabirusa

LABIk gaur erabakiko du pandemiaren kontrako neurriak zorrozten dituen ala ez

Euskal Autonomia Erkidegoan joera aldatu egin da Gabonetako ospakizunen ostean, eta azken astean gora egin du eguneko kasuen kopuruak.

LABIren bilera. Argazkia: Eusko Jaurlaritza
LABIren bilera.
LABIren bilera. Argazkia: Eusko Jaurlaritza

Mikel Dominguez | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

LABIren Aholku Batzordea gaur bildu da berriro, covid-19aren pandemiaren kontrako neurri murriztaileak gogortu behar diren ala ez erabakitzeko.

09:00etan bildu da Batzorde Teknikoa, eta adituen proposamena jaso ostean, Iñigo Urkullu lehendakaria buru duen Aholku Batzordeak 12:00etan hasi du batzarra. Ondoren, erabakitakoaren berri emango dute 14:00etarako aurreikusita dagoen agerraldi batean (zuzenean jarrai dezakezu eitb.eus-en).

Euskadi Irratiak jakin ahal izan duenez, LABIren Batzorde Teknikoak Aholku Batzordeari egindako proposamenen artean daude, besteak beste, lurralde historikoak ixtea, eremu gorrian dauden udalerrietan itxiera perimetrala ezartzea, ostalaritzako itxiera ordua eta etxeratze agindua bere horretan mantentzea eta eskola kirola berriro ere abiatzea (eremu gorrian dauden udalerrietan, salbu).

Azarotik hona koronabirusaren intzidentziak behera egin duen arren, Gabonetako ospakizunen eragina datuetan nabaritzen hasi da, eguneko positiboen eta positibotasun tasaren joera erabat aldatu baita. Azarotik izan den kasu berrien kopuru altuena aurreko astean erregistratu dute: 658 positibo berri atzeman zituzten ostiralean. Positibo tasa % 7 inguruan dago, eta egunak daramatza % 5etik gora.

Gorakada hori ospitaleetan ere nabaritzen hasi dira. Momentu honetan, zainketa intentsiboetako unitateetan 76 pertsona daude. Gainera, astebetean 57 pertsona hil dira.

EITB Mediari emandako elkarrizketa batean, Jonan Fernandez LABIren Batzorde Teknikoaren koordinatzaileak esan du ez dutela neurririk baztertzen, baina ez berak ezta Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak ere ez dute gertu ikusten 2020ko udaberrikoa bezalako etxeko konfinamendu bat.

"Ez dugu ezer baztertzen. Iraganean erabilitako neurri guztiak berriz erabil ditzakegu. Orekaz arautu behar da", esan du Fernandezek. Koordinatzaileak osasun neurrien "inpaktua eta zenbait kasutan kostuak eta kalteak" ezagutzen ditu, eta azpimarratu du "erantzukizunez" hartu behar direla neurriak.

Fernandezek ez du neurririk baztertzen, baina etxeko konfinamendua ez du gertu ikusten
Fernandezek ez du neurririk baztertzen, baina etxeko konfinamendua ez du gertu ikusten
Fernandezek ez du neurririk baztertzen, baina etxeko konfinamendua ez du gertu ikusten

1:26

Zupiriak, bestalde, Diario Vasco egunkarian emandako elkarrizketa batean aurreratu du "neurri murriztaileagoak" hartzen badira, "udalerriz udalerri" hartuko dituztela.

Bozeramaileak azaldu duenez, datuak "ez dira positiboak", baina oraindik "ez dago nahikoa perspektibarik zein eboluzio izango duten jakiteko".

Zupiriaren hitzetan, oraindik ez dakite neurri gehiago hartu behar dituzten, baina nabarmendu du alarma egoerak eragindako etxeratze agindu "oso zorrotza" indarrean dagoela eta merkataritzan eta kultura arloan "oso murrizketa serioak" eta ostalaritzan "oso ordutegi gogorrak" daudela.

Ostiralean egin zuten bileran, LABIren Batzorde Teknikoak ez zuen neurri berririk proposatu, baina gaur egungo datuak "kezkagarriak" direla esan zuen. "Goranzko joera hartu dute, eta nahiz eta bilakaera geldo joan, egoera arduratzeko modukoa da", esan du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Albisteak Urkullu Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak LABI bilera gaur