Gizartea -

Koronabirusa

Aste honetako txertaketa bermatuta dago EAEn

Iberiar Penintsula astindu duen denboraleak txertoen hurrengo bidalketaren inguruko zalantzak eragin dituen arren, Eusko Jaurlaritzak txertaketa egutegia mantentzen du.

Forondara heldutako lehen txertoak. Argazkia: EFE
Forondara heldutako lehen txertoak.
Forondara heldutako lehen txertoak. Argazkia: EFE

EIDER JAUREGI OIARTZABAL | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun agintariek ezarritako covid-19aren kontrako txertaketa planari jarraiki, astelehenean Pfizer-BioNTeck txertoaren dosi berriak heldu beharko lirateke Euskal Autonomia Erkidegora.

Espainiar Estatura Belgikatik etorritako hegaldi batek astelehen goizaldean eramango omen ditu aste honetako dosiak Barajasko aireportura (Madril). Filomena denboraleak mugikortasun arazo larriak eragin ditu Madrilen, eta aireportua itxita egon da ostiral gauetik. Hala ere, Espainiako Gobernuaren Garraio eta Barne ministroek dosiak heltzeko lanean daudela esan dute.

Aurreko asteetan Madril, Bartzelona, Gasteiz, Valentzia eta Sevillako aireportuetara heldu dira dosiak, eta handik banatu dituzte autonomia erkidego guztietara. Hain zuzen, Forondako aireportuetatik sartu dira EAE, Nafarroa, Kantabria, Asturias, Gaztela eta Leon eta Aragoirako txertoak.

Aste honetako bidalketaren inguruan zalantzak sortu dira. Elurrak eta izotzak penintsula erdialdean sortutako arazoei abenduan bidalketa atzeratu zuten ekoizpen arazoak gehitzen zaizkie.

Foronda, Barajasen ordez

Eusko Jaurlaritzaren Osasun sailari galdetuta EITB Mediak jakin ahal izan duenez, "gure esku ez dagoen zerbait bada ere, gaur egun aurreikuspenak lehengo berberak dira. Hau da, bihar txertoen dosiak helduko dira orain arte bezala, Forondatik".

Zentzu horretan, Osasun Ministerioarekin batera, Barajas ordezkatzeko aukerak aztertzen ari direla esan du Fernando Grande-Marlaska Barne ministroak; izan ere, Madrilgo aireportutik hegaldiak aireratzen hasi dira dagoeneko, baina oraindik hegazkinek ez dute lur hartzerik.

Ondorioz, Arabako aireportua Espainiako Estatu osoarentzako txertoen helmuga izan daiteke. Forondak logistika “guztiz prest” du, bertatik txertoa errepidez Madrilera eramateko, ministroak azaldu duenez.

“Norabide batean zein bestean txertoaren hornidura bermaturik dago”, errepikatu du.

Edozein kasutan, Sailak gogorarazi du "Euskadik txertoen erreserba estrategiko bat gordetzea erabaki zuela, eta horri esker, aste honetako txertaketa bermatuta dago".

Laborategiekin adostutako plangintzaren arabera, goizaldean Pfizer/BioNTech konpainien 350.000 txerto dosi berri helduko dira Espainiara, Osasun Ministerioak jakitera eman duenez.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, espazio publiko itxietan, garraio publikoan eta udalerri eta hiri nagusietan da derrigorrezkoa.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Basurtuko ospitalea Gurutzetako ospitalea Erizaintza Sendagaiak Txertoak Donostia Ospitalea Txagorritxu Ospitalea Nafarroako Ospitale Gunea Koronabirusa Galdakao-Usansolo Ospitalea Anbulatorioak Osasunbidea