Gizartea -
KORONABIRUSA
Positiboen kopurua 160ra jaitsi da Nafarroan eta positibitate tasa % 5,4koa da
2.960 PCR eta antigeno proba egin ziren atzo Foru Erkidegoan. Positibitate tasak 1,2 puntu egin du behera.
IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA
160 koronabirus kasu berri zenbatu zituzten atzo Nafarroan, bezperan baino 16 gehiago, Foru Gobernuak zabaldutako behin behineko datuen arabera.
Denera, covid-19a atzemateko 2.960 proba egin ziren, 1.860 PCR eta 1.100 test antigeno, eta posititate tasa % 5,4koa izan zen; osteguneko datuarekin alderatuta, beraz, 1,3 puntu jaitsi da tasa.
Ostegunean zazpi pertsona ospitaleratu zituzten covid-19arekin Nafarroako erietxetan, horietako bat ZIUn.
Eskualdeka, Iruñerria da positibo gehien dituena azken orduotan, zenbatutako kopuru osoaren % 61. Tutera inguruko bizilagunak dira kutsatuen % 13, eta Lizarraldekoak % 7.
Adin tarteei dagokienez, berriz, 45 eta 59 urte artekoak dira kutsatu gehienak, % 25, eta 15 eta 29 urte artekoak, % 19.
Osasunbideak jakinarazi duenez, bestalde, 127 pertsona daude ospitalean ingresatuta koronabirusagatik, bezperan baino bi gutxiago; horietatik 14 ZIUn, eta 98, plantan. 15 pertsona daude, etxeko ospitalizazioan.
Txertoen inguruko informazioa ere zabaldu du Foru Gobernuak, eta horren arabera, 4.449 pertsonak jaso dute txertoa Nafarroan azken bi asteotan.
EAE
Bestalde, koronabirus proba diagnostikoen positibitate tasa zertxobait murriztu zen ostiralean, % 6,9an kokatuz, aurreko egunean baino bi hamarren gutxiago (% 7,1), baina kutsatu berrien kopuruak gora egin du EAEn; izan ere, 658 positibo berri baieztatu dituzte, azken zenbaketan baino 123 gehiago.
Kasu kopururik handiena Bizkaian antzeman dute, 354 (ostegunean baino 71 gehiago), hain zuzen ere. Gipuzkoan 203 positibo berri zenbatu dituzte (aurreko egunean baino 33 gehiago) eta Araban 95 (22 gehiago). Era berean, beste erkidego batzuetako pertsonen sei positibo baieztatu dituzte.
Ospitaleen egoerari dagokionez, 63 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, aurreko egunean baino 17 gehiago, eta ZIUetan 75 paziente daude covidaren ondorioz, lau gehiago.