Gizartea -

Eguraldia

Elurra itsas mailan egin dezake asteburu guztian Euskal Herrian

EAEn abisu horia ezarri dute. Nafarroako erdialdean eta Erriberan, ordea, alerta laranja izango da indarrean. Mardul botako du Erriberan, eta 14 zentimetroko lodierak espero dira.

Mutriku, zuri-zuri. Artxiboko argazkia: Benjamin Perez Bacelar.
Mutriku, zuri-zuri.
Kostaldeko hiri eta herrietan prest daude etorri daitekeen elurrari aurre egiteko

1:27

E. G. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kostaldea zuri-zuri ikus genezake asteburu honetan, elurra maila baxuan espero baita. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) abisu horian izango da elurragatik (itsas mailan egin lezake) eta izotzagatik eta tenperatura baxuengatik. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak igandera arte luzatu ditu abisuok. Larunbatean elur-kota 0-200 metrora kokatuko da, eta igandean 300-500 metrora igoko da (gauean eta goizaldean 200 metrora jaitsiko bada ere).

Nafarroan, aldiz, alerta laranja izango da indarrean bi egunetan lurraldearen erdigunean eta Erriberan. Elurrak gizen botako du bietan, eta 7 eta 10-14 zentimetroko lodierak espero dira, hurrenez hurren. Nafarroako isurialde atlantikoan eta Pirinioetan abisu horia egongo da.

Filomena depresioak negu gorriko giroa ezarriko du denean. Hotz egingo du, eta zeroz azpiko balioak izango dira leku askotan. EAEko sareko minimoa Iturrietako (Araba) estazio meteorologikoan neurtu dute berriro, ia 1.000 metrora, -15 ºC-rekin. Nafarroan, Erremendia gainean harrapatu dute minimoa: -21 ºC.

Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur, ostirala, hotza izan da protagonista goizean. Egunak aurrera egin ahala, zerua lainotuz joango da. Gauean, Nafarroa hegoaldean, penintsula barnealdetik gerturatuz doan fronteak ekarriko duen prezipitazioarekin, elurra egin dezake.

Larunbatean, negu gordineko eguraldia eta prezipitazioak elur moduan izango dira ia denean. Prezipitazioa hegoaldetik iritsiko da eta Araba eta Nafarroa hegoaldeko zenbait lekutan, goizaldetik ariko du. Goizean zehar, elurra iparralderantz hedatuz joango da eta eguerditik aurrera prezipitazioa ia denera iritsiko da eta ugariagoa izango da, batez ere barnealdean. Litekeena da kostaldean ere elurra egitea, bereziki Gipuzkoan. Giroa oso hotza izango da eta ipar-ekialdeko haizea bizi-bizi ibiliko da haizeguneetan, eta honek are gehiago gordinduko du egoera; Ebro-ibarrean ipar-mendebaldekoa nagusituko da.

Zure interesekoa izan daiteke: Elurrarekin eta izotzarekin gidatzeko gomendioak

Igandean hotz handia egingo du, baina prezipitazioak askoz urriagoak izango dira. Zerua lainotuta mantenduko da eta noizbehinka eta ahul prezipitatuko du eta batez ere mendebaldean egingo du. Elur-kota 200 metrora mantenduko da. Iparraldeko eta ipar-ekialdeko haize hotza ibiliko da eta zeropeko balioekin jarraituko dugu lurraldearen eremu zabal batean.

Iragarpena kontuan hartuta, Bilboko, Donostiako eta Gasteizko udalek plan bereziak jarri dituzte martxan muturreko eguraldi honi aurre egiteko.

Nafarroako erdialdea eta Erribera, alerta laranjan

Bestalde, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak elurragatik alerta laranja ezarri du larunbaterako eta iganderako lurraldearen erdialdean eta Erriberan. Ondorioz, Foru Gobernuak protokoloak aktibatu ditu eta eta herritarrei "alferrikako mugimenduak" saihesteko eskatu die, baita erosketak aurreratzera ere. Iruñeko Udalak ere elurteei aurre egiteko plana jarri dute martxan.

Peio Oria Estatuko Meteorologia Agentziaren (Aemet) Nafarroako ordezkariaren arabera, penintsulako hego-ekialdetik sartu den aire hotza iparralderantz mugitu da, eta Nafarroan izango du eragina, batez ere Erriberan, larunbatetik aurrera.

Denbora horretan, "prezipitazio guztia elurra izango da", adierazi du adituak, eta Aemetek alerta laranja ezarri du Nafarroako Erriberan eta erdialdean, 7 eta 14 zentimetro arteko elurra pilatzeko aukera dagoelako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Azken ordukoa Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa gaur Araba Alerta meteorologikoak argazkiak EAE Eguraldia Bilbao Gizartea Elurra bideoak Eguneko albisteak Albisteak