Gizartea -
KORONABIRUSA
Positiboek gora egin dute Nafarroan, baina positibotasun tasa % 5,7ra jaitsi da
Astelehen honetan atzemandako ehun kasuk azken egunetako beheranzko joera aldatzea suposatzen dute. Gainera, bi hildako izan ziren.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Nafarroan igoera handia izan da azken orduetan, astelehen honetan 102 covid-19 kasu berri erregistratu baitituzte; aurreko egunean, berriz, 60 kasu zenbatu zituzten, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak emandako datuen arabera.
Astelehen honetan atzemandako ehun kasuk azken egunetako beheranzko joera aldatzea suposatzen dute; izan ere, ostiralean 82 positibo eman ziren, larunbatean 72 eta igandean 60.
Hala ere, positibotasun tasa atzo egindako 1.792 proben % 5,7ra jaitsi da, eta igandean % 6,5ekoa izan zen, 921 proba egin ostean.
Atzo sei pertsona ospitaleratu zituzten Foru Erkidegoan gaixotasun horrekin lotuta, horietako bat zainketa intentsiboetako unitatean. Atzo, bi pertsona hil ziren: 83 urteko gizon bat eta 56 urteko emakume bat. Nafarroan 960 pertsona hil dira jada covid-19aren ondorioz.
Iruñean eta bere eskualdean kasu positiboen % 69 erregistratu dituzte, Tuteran % 13 eta Lizarran % 4. Gainerako positiboak (% 14) Nafarroako beste zonalde batzuetan izan dira.
Gehien kaltetutako udalerriei edo eremuei dagokienez, kaltetuenen zerrendako lehen postuan II. Zabalgunea dago, hamar kasu zenbatu baitituzte. Iruñea eta Eskualdea dago atzetik, Arrosadia auzoan zazpi kasu izan baitituzte, sei Barañainen, bost Arrotxapean eta beste bost Txantrean.
Adin-tartearen arabera, talde handiena 45 eta 59 urte artekoa da (% 27), eta ondoren, 15 eta 29 urte artekoa (% 20). Ondoren, 30 eta 44 urte bitarteko taldeak (% 16) eta 75 urtetik gorakoak (% 15). Azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoen taldea (% 12) eta 15 urtetik beherakoen taldea (% 10) daude.
Positibo berrien batez besteko adina 45,9 urtekoa da. Generoari dagokionez, kasuen % 59 emakumeak dira eta beste % 41 gizonak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakitera eman duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 139 pertsona daude ospitaleratuta (atzo baino hamar gehiago); horietatik 19 zainketa intentsiboetako unitateetan daude (atzo baino bat gehiago) eta beste 27 etxeko ospitaleratzean (atzo baino lau gehiago). Gainerakoak, 93 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bost gehiago).
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 42.157 kasu dira Nafarroan.