Gizartea -
Koronabirusa
Ia 300 kasu berri erregistratu dituzte EAEn, eta positibo tasa % 6,2ra igo da
4830 proba diagnostiko egin dira guztira autonomia erkidegoan, eta inzidentzia tasa 242,09koa da.
Mikel Dominguez | EITB Media
Euskal Autonomia Erkidegoan 298 covid-19 kasu berri erregistratu dira azken orduetan. Aurreko egunarekin konparatuta, 72 gehiago izan dira (226 zenbatu zituzten larunbatean).
Positibo tasak ere gora egin du aurreko datuarekin alderatuta. Proben % 6,2k eman dute positibo.
Lurraldeka, kopururik handiena Bizkaian erregistratu da: 151 positibo berri. Gipuzkoan 94 kasu berri zenbatu dira azken orduetan, eta Araban 49 izan dira. Beste 4 kasuak EAEtik kanpoko pertsonenak dira.
100.000 biztanleko azken 14 egunetako intzidentzia tasa apur bat jaitsi da Araban, baina lurralde horretakoak jarraitzen du izaten altuena: 308,77. Bizkaian (206,15) eta Gipuzkoan (264,5) apur bat igo dira, aurreko egunarekin alderatuta.
EAEko ospitaleen egoerari dagokionez, 31 pertsona ospitaleratu dituzte covid-19arekin igandean, aurreko egunean baino 8 gehiago. Zaintza intentsiboetako unitateetan 83 pertsona daude momentu honetan, aurreko egunean baino hiru gutxiago.
Oinarrizko birsorkuntza tasa 0,88koa da autonomia erkidegoan. Hiru lurraldeetan da 1etik beherakoa.
Erresidentzien egoera
Bizkaiko adinekoen egoitzetan dauden hiru egoiliar hil dira covid-19arengatik azken bi egunetan. Guztira, 129 egoiliar hil dira pandemiaren bigarren olatuan lurralde honetan. Kutsatuta dauden adinekoen kopurua 138tik 159ra igo da.
Bizkaiko Foru Aldundiak eguneratutako datuen arabera, lurralde honetako erresidentzietan (154 zentro eta 10.748 pertsonarentzako tokia) 159 kutsatu zeuden, atzoko eguna bukatuta. Horietako 32 ospitaleetan daude, orain dela bi egunetan baino 9 gutxiago.
Positibo eman duten langile kopurua 121 da —bi gehiago—, eta beste 88 —hiru gehiago— isolatuta daude, oraindik covid-19a dutela baieztatu gabe.
Aretxabaletako Debagoiena egoitzan azken orduetan izandako bi heriotzaren ondorioz, 126 pertsona hil dira Gipuzkoako adinekoen egoitzen foru sarean joan den abuztuaren 11n COVID-19aren bigarren olatua hasi zenetik.
Aldundiak bere webgunean jakitera eman duenez, astelehen honetan ez dute positiborik antzeman baliabide horietan, eta 6 adinekok gaixotasuna gainditzea lortu dute; beraz, egoitzetako adinekoen artean 147 kasu aktibo daude.
Gaur egun, 44 pertsona ari dira artatzen Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan. Orain arte, 492 adineko sendatu dira gaixotasunetik.
Nafarroan, kasuek behera
Azken orduetan 60 koronabirus kasu berri zenbatu ditu Nafarroak, Foru Gobernuak astelehen honetan emandako datuen arabera.
Espainiak 2.822 positibo zenbatu ditu azken orduetan
Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak 24.462 koronabirus kasu berri jakinarazi ditu joan den ostiraletik, Eguberri egunetik, eta horietako 2.822 positibo azken 24 orduetan atzeman dituzte. Hala, Espainian 1.879.413 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik.
Osasun Ministerioak gaur emandako datuen arabera, 298 pertsona gehiago hil dira azken orduetan koronabirusaren eraginez; beraz, 50.122 pertsona hil dira dagoeneko covid-19a Espainiara iritsi zenetik.
Gaur egun, 12.172 gaixo daude ospitaleratuta covid-19agatik Espainian, eta horietako 2.022 gaixo zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Azken 24 orduetan, 1.135 ospitaleratze eta 491 alta izan dira.