Gizartea -
KORONABIRUSA
Positibo gutxiago zenbatu dituzte Nafarroan, 60, baina positibo tasa % 6,5era igo da
Larunbatean 72 positibo berri atzeman zituzten eta ostiralean, berriz, 82.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Azken orduetan 60 koronabirus kasu berri zenbatu ditu Nafarroak, Foru Gobernuak astelehen honetan emandako datuen arabera.
Larunbatean 72 positibo berri atzeman zituzten eta ostiralean, ostera, 82.
Positibo kopuruak behera egin badu ere, positibotasun tasa aurreko egunekoa baino altuagoa da. Igandean 921 proba egin zituzten eta horietatik % 6,5k eman zuten positibo. Larunbatean positibo tasa % 5,6koa izan zen.
Espainiak 2.822 positibo zenbatu ditu azken orduetan
Bestalde, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioak 24.462 koronabirus kasu berri jakinarazi ditu joan den ostiraletik, Eguberri egunetik, eta horietako 2.822 positibo azken 24 orduetan atzeman dituzte. Hala, Espainian 1.879.413 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik.
Osasun Ministerioak gaur emandako datuen arabera, 298 pertsona gehiago hil dira azken orduetan koronabirusaren eraginez; beraz, 50.122 pertsona hil dira dagoeneko covid-19a Espainiara iritsi zenetik.
Gaur egun, 12.172 gaixo daude ospitaleratuta covid-19agatik Espainian, eta horietako 2.022 gaixo zainketa intentsiboetako unitateetan daude. Azken 24 orduetan, 1.135 ospitaleratze eta 491 alta izan dira.