Gizartea -
Koronabirusa
Positibotasun tasa % 7,1era igo da Nafarroan, 83 covid-19 kasu gehiagorekin
Foru Erkidegoak azken 17 egunetako positibotasun-tasarik altuena izan du gaur, baina aurreko egunarekin alderatuta, behera egin dute PCR probetan positibo eman duen kasuek.
EITB MEDIA | Agentziak
Azken orduetan 83 covid-19 kasu gehiago zenbatu dituzte Nafarroan, Foru Gobernuak ostiral honetan emandako datuen arabera. Aurreko egunean, berriz, 104 koronabirus kasu atzeman zituzten.
1.172 PCR eta antigeno proba egin dituzte guztira, eta horien % 7,1ek eman du positibo. Beraz, positibotasun tasa aurreko egunean baino altuagoa izan da (% 5,3 izan zen ostiralean).
Foru Erkidegoan 57 kasu atzeman zituzten astelehenean, 79 asteartean, 124 asteazkenean, 104 ostegunean eta 83 ostiral honetan.
Euskadin ere gora egin du positiboen ehunekoak
Bestalde, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) 228 koronabirus kasu berri atzeman dituzte, aurreko egunean baino 182 gutxiago. Alabaina, positiboen tasa % 6,2ra igo da. Ospitaleetako egoerari dagokionez, berriz, 23 pertsona ospitaleratu dituzte azken orduetan, eta 84 gaixo zainketa intentsiboetako unitateetan daude.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, 3.686 PCR proba eta antigeno test egin dira, aurreko egunekoaren ia erdia; beraz, kutsatzeen kopuruak behera egin badu ere, positiboen tasak gora egin du.