Gizartea -
LABI-ren batzarra
Fernandez: "Beheranzko joera dago, baina azken astean kontraesanak ikusi ditugu"
LABI batzorde teknikoaren koordinatzaileak aitortu du sei egun hauetan "tranpak" atzeman dituztela ostalaritzan, baina oraindik "goiz" dela horren inguruko balorazio bat egiteko.
E.G. | EITB MEDIA
LABI Euskadiko Babes Zibileko Planaren aholku batzordearen bileraren atarian, Jonan Fernandez batzorde teknikoko koordinatzaileak azaldu du azaro hasieran Euskadiko datuak hobetzea lortu zela, eta ordutik "beheranzko joera" izan dugula covid-19 kasuen bilakaeran. Hala ere, aitortu du azken zazpi egunetan "datu kontraesankorrak" egon direla, hots, egun batzuetan joera horretan gelditze bat atzeman dutela, eta atzo, berriz, "aldaketa on bat" ikusi zutela.
Fernandez ETB1eko "Egun On Euskadi" saioan izan da goizean, LABIko teknikariek batzarra egin baino lehen. Argitu du datuak oinarri hartuta proposamen bat egingo duela batzorde teknikoak: "15 pertsonak osatzen dugu batzordea, ikuspegi zientifiko ezberdinetakoak. Batzorde teknikoak bere iritzia emango du, eta gero LABIren Kontseiluak hartuko du erabakia". Zehaztu du normalean teknikariek proposatutakoa onartzen duela Kontseiluak, "proposamen sendoak" direlako.
Duela astebete hartutako neurrien harira, eta ostalaritzaren irekiera hizpide hartuta, Fernandezek esan du sektore horretan "tranpak" atzeman dituztela, "kasu isolatu" batzuetan. Dena dela, aitortu du sei-zazpi eguneko tartea "oso gutxi" dela balorazio bat egiteko. "Goiz da horretarako", erantsi du.
Zazpi eguneko epean neurriak alda daitezkeela-eta horrek herritarrengan sor dezakeen nahasmenaz galdetuta, LABIren batzorde teknikoko koordinatzaileak esan du ez dela erraza pandemia kudeatzea, "ez dakigulako zer gertatuko den hurrengo egunetan". Gizarteari ulermena eskatu dio, eta neurriak "malgutasunez" hartzeko. Eurei, berriz, aldaketak "komunikazio argi eta ulergarri batekin" jakinaraztea dagokie.
Hala, aurreratu du ziurra dela LABIk astean behin egin beharko dituela bilerak, eta Gabonei begira hartutako neurriak moldatu. Horren harira, Eguberrietako otorduetarako bil daitezkeen pertsona kopuruan egondako iritzi aldaketaren nondik norakoak azaldu ditu Fernandezek: "Duela hilabete bat neurri batzuk proposatu genituen (bilkurak gehienez sei pertsonakoak izatea), baina Espainiako Gobernuak esan zigun beharrezkoa zela kontsentsu batera heltzea, oso inportantea zela denok batera joatea, ez 17 Eguberri ezberdin egotea. Orduan onartu genuen irizpide hori, garrantzitsua zela denok batera joatearena. Aste honetan, irizpide hori aldatu da: une honetan, erkidego batzuetan goranzko joera izan dute, gure joera ezberdina da une honetan eta hori dena kontuan hartuko dugu".