Gizartea -

Ingurumena

Jaurlaritzak EAEko Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legearen proiektua onartu du

Euskal Autonomia Erkidegoa EBko lurraldearen % 1 baino gutxiago da, eta Europaren intereseko habitaten % 35, fauna espezieen % 21 eta flora espezieen % 2 hartzen ditu.

Amaia Barredo, Arantxa Tapia eta Asier Arrese. Irudia: Irekia
Amaia Barredo, Arantxa Tapia eta Asier Arrese
Amaia Barredo, Arantxa Tapia eta Asier Arrese. Irudia: Irekia

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu Kontseiluak EAEko Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legearen proiektua onartu du aste honetan, eta Legebiltzarrera bidaliko du, eztabaida dezan. Euskal natura-ondarea babestea, kontserbatzea, kudeatzea, modu jasangarrian erabiltzea, lehengoratzea eta hobetzea helburu duen araua da.

Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuaren hitzetan, legeak, besteak beste, honako hauek bilatzen ditu: "Natura guneak eta biodibertsitatea babestea natura-ondarearen ikuspegi integral batetik, horien kudeaketaz arduratzen diren administrazio mailen arteko koordinazioa hobetzea, beste politika sektorial batzuk integratzea, hala nola, klima-aldaketari buruzkoak, eta sektorean aukera berriak erraztea, natura-ondarearen babesa eta garapen ekonomiko eta soziala uztartzeko".

Lege-proiektu hori indarrean dagoen euskal legeria eguneratzeko beharrak eraginda sortu da. Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria izan zen ingurumen legedian, 1994an EAEko Natura Babesteko Legea onartu baitzuen (2014an bategin zen, ondoz ondoko aldaketak integratzeko), eta 1998an, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Ingurumena Babesteko Lege Orokorra. Hala ere, "Europako Jarraibideetatik eratorritako lege garapen garrantzitsuak, bereziki 2000. urtetik aurrera, euskal lege esparrua eguneratzeko beharra ekarri du, egungo arazoei eta eskakizunei erantzuteko, eta lege berri hau Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuen eta Basque Country 2030 Agendaren barruan kokatu da", azpimarratu du Tapiak.

Horrela, lege-proiektuak ikuspegi integral batetik interpretatzen du natura-ondarearen kontzeptua, dibertsitate biologikoarekin eta geologikoarekin lotutako ondasun, baliabide eta zerbitzu guztiak barne hartzen dituena, funtsezko balio bat dutenak ingurumenean, paisaian, zientzian edo kulturan, eta estuki lotuta daudenak pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin, eta gizarte eta ekonomia garapenarekin.

Lege-proiektuak espezie basatien eta gune babestuen tipologia definitzen du, eta kontuan hartzen ditu Europako Natura 2000 Sarearen barruan eta kanpoan daudenak, baita nazioarteko beste tresna batzuk ere. Era berean, "azpiegitura berdea" kontzeptua ere jorratzen du, eremu naturalen eta erdi-naturalen estrategikoki planifikatutako sare bat, gune babestuen multzoa lotzeko, balio ekologikoa duten eremu isolatuak saihesteko. Horrela, jarraipena ematen zaie berariaz babestutzat jotako espazioei, eta lurralde osora eta inguruko eremu geografikoetara zabaltzen dira.

Bestalde, lege-proiektuak sinplifikazio administratiboa lortu nahi du, EAEn natura-ondarea kudeatzeaz arduratzen diren administrazio publikoen arteko koordinazioa errazteko. Gainera, Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistema bat sortzea aurreikusten du, EAEko natura-ondareari buruzko ezagutza tekniko eta zientifiko partekatuaren gunea izango dena erakunde guztien artean.

Tramitazio parlamentarioak aukera emango du Gobernu Kontseiluak aste honetan onartutako dokumentua aberasteko ekarpenak biltzeko eta eztabaidatzeko, sailburuaren esanetan, "abiapuntu ona den oinarri legegilea eskaintzen baitu".

Klima-aldaketa

Euskadiko Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legearen proiektuaren berritasun nagusietako bat klima-aldaketaren politikekin bat egitea da. "Gizateriak dituen bi erronka nagusiak biodibertsitatearen galera gelditzea eta aldaketa klimatikoari aurre egitea dira", azpimarratu du sailburuak.

Ildo horretan, natura-ondareak eta, bereziki, basoek CO2 xurgatzeko duten gaitasuna indartu nahi du arauak. "Lurraldearen lehentasuna 2050erako edo lehenagorako karbono neutraltasuna lortzea den honetan, Natura-Ondarea Kontserbatzeko Legeak helburu horretara arraun egiteko aukera ematen digu", azpimarratu du Tapiak, eta basoak, lurzoruak eta hezeguneak berreskuratzea funtsezkoa dela klima-aldaketa arintzeko ezarritako helburuak lortzeko.

Halaber, beharrezkoa dela natura-ondarearen kontserbazioa eta garapen ekonomiko eta soziala uztartzea adierazi du sailburuak, eta, zehazki, natura-guneak zaintzeak negozio-hobiak sor ditzakeela ekonomia zirkularrean, bioekonomian edo nekazaritza sektorean, osasunari eta ongizateari lotutako onurez gain.

EAEk biodibertsitate handia du bere kokapen geografikoa dela eta, klima trantsizioko eremu batean (mediterraneo-atlantikoa), kostalde eta mendiarekin. Europar Batasuneko lurraldearen % 1 baino pixka bat gutxiagorekin, EAEk Europaren intereseko habitaten % 35 inguru hartzen ditu, fauna espezieen % 21 eta flora espezieen % 2, eta horien barruan 14 habitat eta kontinenterako lehentasunezko intereseko 4 espezie daude.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Klima-aldaketaren albisteak Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Ingurumena