Gizartea -

A25

Emakunde: "Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak icebergaren punta dira"

Emakumearen Euskal Institutuak emakumeenganako indarkeriari buruzko 2019ko datuak argitaratu ditu bere webgunean. Gainera, adi egoteko eta biktima diren emakumeei babesa emateko eskatu dio gizarteari.

Izaskun Landaida (Emakunde), artxiboko irudi batean. EiTBren bideo batetik ateratako irudia
Izaskun Landaida (Emakunde), artxiboko irudi batean
Izaskun Landaida: "Genero indarkeria kasuen % 40tik gora ezkutatuta daude"

2:33

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakunde Emakumearen Euskal Institutuak ohartarazi duenez, emakumearen aurkako indarkeriari buruzko datuak "izozmendiaren punta" dira. Izan ere, indarkeriaren biktima diren emakumeen % 48k ez dute salatu edo ez dute laguntzarik eskatu. Emakumeengako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2019ko datuak argitaratu ditu bere webgunean.

Azaroaren 25aren harira zabaldutako ohar batean, Emakundek indarkeria sexistaren ondorioz erailak izan diren emakumeak gogoratu ditu eta bere laguntza eta babesa eskaini die horien senitarteko eta lagunei. Gainera, gaur egun indarkeria egoera desberdinei aurre egiten ari diren emakumeengan jarri du arreta Emakundek, eta gizartearen babesa dutela adierazi die.

Ildo horretan, Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak "indarkeriaren biktima diren emakumeei adi egoteko, babesa emateko eta laguntzeko" eskatu dio gizarteari, eta gaurko egunez "publikoki erakusteko emakumeen aurkako indarkeria gaitzesten dutela eta indarkeria pairatzen ari direnei babesa ematen dietela", betiere osasun protokoloak errespetatuz.

Halaber, eskerrak eman dizkie biktimak artatzen lan egiten duten profesional guztiei. Emakundek bereziki gogoan izan ditu bizirik atera diren eta beren testigantza publiko egin duten emakumeak, beste emakume batzuei laguntza handia eskaintzen dietelako. Horregatik, eskerrak eman dizkie bereziki "Entzunez gero, ikusiko duzu" aurtengo Emakunderen kanpainan euren testigantzekin parte hartu duten emakumeei.

2019ko datuak

Emakundek bere webgunean argitaratutako "Emakumeen aurkako indarkeriari buruzko 2019ko datuak" txosten horren baitan, datuen testuingurua azaldu eta haien interpretazioa egin du. Landaidak azpimarratu duenez, argitara ateratzen diren emakumeen aurkako indarkeriari buruzko datuak arazo larri eta estruktural baten "izozmendiaren punta" dira, eta kasu asko ezkutuan geratzen dira.

Emakundek egindako estimazioen arabera, indarkeria jasaten duten emakumeen % 48 inguruk ez du poliziarengana, epaitegira edo laguntza-zerbitzuren batera jo.

2019an Ertzaintzak emakumeen aurkako 5.518 indarkeria kasu zenbatu zituen EAEn, eta 4.419 emakumeri eragin die. Indarkeria motari dagokionez, emakume horien % 70,11k indarkeria matxista pairatu dute (bikotekideek edo bikotekide ohiek eragindako indarkeria), % 20,34k familia-eremuko indarkeria (bikotekideak ez diren familiako beste gizon batzuek eragindakoa, gehienak semeak) eta emakume horien % 9,55ek familiatik kanpoko sexu-indarkeria jasan dute.

Horiek dira emakumeen aurkako indarkeriaren hiru modu ohikoenak, baina gehiago daude: ziber-jazarpen sexista, sexu-jazarpena eta jazarpen sexista lan-eremuan edo sexu-esplotaziorako salerosketa.

Adinari dagokionez, salaketa jartzen duten emakumeen % 10,6 dira 18 urtetik beherakoak, % 28,1 dira 18 eta 30 urte bitartekoak, % 47,2 dira 31 eta 50 urte bitartekoak eta % 14,1 dira 50 urtetik gorakoak.

Emakundeko zuzendariaren esanetan, emakumeen aurkako indarkeria emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunaren sinbolorik bortitzena da, eta, horregatik, berdintasun politikak aldarrikatu ditu egiturazko arazo honekin amaitzeko

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Tratu txarrak adin txikikoak Ertzaintza Tratu txarrak Eusko Jaurlaritza berriak EAE Emakunde bideoak Gizartea bideoak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Genero-indarkeriaren biktimentzako laguntza Matxismoa