Gizartea -

KORONABIRUSA

Heriotza kopurua % 19,5 hazi da bigarren hiruhilekoan, COVID-19aren ondorioz

Koronabirusak 1.218 heriotza eragin ditu apirila eta ekaina bitartean, denbora tarte horretako heriotza guztien % 20.

Osasun langileak koronabirus gaixo bat zaintzen ZIUn. Argazkia: EFE
Osasun langileak koronabirus gaixo bat zaintzen ZIUn.
Heriotzak % 19,5 igo ziren urteko bigarren hiruhilekoan COVID-19aren ondorioz

1:9

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aurreko urteko datuekin alderatuta, heriotzen kopuruak % 19,5 egin du gora 2020ko bigarren hiruhilekoan EAEn, Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) argitaratutako datuen arabera. Igoera hori COVID-19ak eragindako heriotzen ondorioz gertatu da, heriotza guztien % 20 izan baitira.

Apirila eta ekaina bitartean, aurreko urtean baino 987 pertsona gehiago hil dira, eta azken 10 urteetako batez bestekoa baino 1.178 gehiago; beraz, azken hamarkadan % 24,4 hazi da.

Datuak lurraldez lurralde aztertuta, Bizkaian egin du gehien gora heriotza kopuruak (% 20,9), baina Araban (% 19,1) eta Gipuzkoan (% 16,9) ere nabarmen egin du gora.

Heriotza kausa nagusiak tumoreak (1.457) eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak (1.284) izan dira, heriotza guztien % 45,3 horiek eragin baitituzte. Koronabirusa heriotza gehien eragin dituzten faktoreen zerrendan hirugarren postuan jarri da, heriotza guztien % 20,1 (1.218) eragin baititu.

COVID-19aren 1.218 kasuen artean, 1.034 koronabirusa baieztatuta zuten heriotzak izan ziren eta 184 balizkoak. Gainera, beste 160 heriotzatan gaixotasuna egiaztatutako heriotza-kausen artean egon zen, baina ez zen funtsezkoa izan.

COVID-19ak eragindako heriotzak

Lurraldeka bereizita, Bizkaiak izan du kopururik altuena (741), eta Gipuzkoa (263) eta Araba (214) daude ondoren.

Emakumeen heriotzen kopurua (662) gizonena (556) baino handiagoa izan da. Adinaren arabera, hildakoen artean lautik hiruk 80 urtetik gora zituzten, eta % 22,3k, 60 eta 80 urte bitartean.

Heriotzak EAEko ospitaleetan (% 55,1), egoitzetan (% 38,9), etxeetan (% 4,2) eta beste leku batzuetan (% 1,8) gertatu dira.

Datu horien arabera, 2020ko lehen seihilekoan 1.720 heriotza erregistratu dira COVID-19aren ondorioz. Gaitza beste 206 heriotzatan ere egon da presente, baina ez da kausa nagusia izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Eustaten datuak