Gizartea -

Bizkaia

Gazteluetako irakaslea kartzelan sartzeari uko egin dio Bizkaiko Auzitegiak

Biktimaren aitaren hitzetan, "Penagarria eta aberrantea" da "pederasta bat kalean uztea". Bizkaiko ikastetxeko irakasle ohiari bi urteko zigorra ezarri zioten sexu-abusuak egiteagatik.

Gaztelueta ikastetxeko irakaslea epaian. Artxiboko argazkia: EFE
Gaztelueta ikastetxeko irakaslea epaian
Gaztelueta ikastetxeko irakaslea epaian. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak ukatu egin du Leioako Gaztelueta ikastetxeko irakaslea espetxeratzea; izan ere, Auzitegi Gorenak bi urteko kartzela zigorra ezarri zion ikasle ohi bati (adingabea zenean) sexu-abusuak egiteagatik, 2008 eta 2010 urteen artean.

Auzitegi Gorenak 11 urteko kartzela-zigorra murriztu zion auzipetuari, eta, ondoren, biktimak irakasle zigortua espetxeratzeko eskatu zuen, baina Bizkaiko Auzitegiak atzera bota du eskaera; izan ere, espetxean sartzeko, bi urtetik gorakoa izan behar du zigorrak, auzipetuak aurrekaririk ez badu eta berriro eragiteko arriskurik ez badago, EAEko Auzitegi Nagusiko iturriek Europa Press albiste-agentziari jakinarazi diotenez.

Auzitegi Gorenak irailaren amaieran eman zuen jakitera irakasleari ezarritako zigorra 11 urtetik bi urtera jaisteko erabakia; izan ere, auzipetuak ikasleari etengabe abusuak egin zizkiola uste zuen arren, biktimak deskribatutako gertakari larrienak ez zeudela frogatuta ebatzi zuen.

Orduan, zigortua berehala espetxeratzeko eskatu zion ikasleak Bizkaiko organo jurisdikzionalari, "ulertezina izango litzatekeelako Auzitegi Gorenaren epai irmoan zigortutako pederasta bat kartzelan ez sartzea", biktimaren familiak azaldu duenez.

Bere ustez, auzipetuari zigorra jaisteak eragindako "alarma soziala" ez litzateke areagotu beharko aske uztearekin. Hala ere, Bizkaiko Auzitegiak atzera bota du eskaera.

"Tamalgarria eta zentzugabea"

Biktimaren aitak, Juan Cuatrecasasek, esan du "tamalgarria eta zentzugabea" dela, ez bakarrik semearentzat, baita sexu-abusuen biktima guztientzat ere.

Bere ustez, horrek "jurisprudentzia oso arriskutsua eta oso negatiboa ezartzen du, eta sexu-abusuak egiteko deia eragin dezake". "Frogatuta dago nahikoa froga daudela. Ez dakit prozesu judizial honetan parte hartu duen norbait gai izango den familia horri eta biktimari aurpegia emateko eta esateko zergatik egon daitekeen pederasta bat kalean eta zergatik ez den gaitasungabetua izan bere lanbidean jarduteko", gaineratu du, Europa Press albiste agentziari esan dionez. "Lotsagarria izateaz gain, semearen birbiktimizazioa ere badakar", gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Epaiketak Gizartea Eguneko albisteak Leioa Albisteak Umeak Sexu erasoak Gurasoak Irakasleak Gotzain Biltzarraren albisteak gaur Elizan izandako abusuen kasuak