Gizartea -
EGURALDIA
Euskadik abisu horia ezarri du ostiral honetarako haize-arriskuagatik
Haizeguneetan orduko 100 kilometro baino gehiagoko ufadak espero dira. Haizeguneak ez diren lekuetan orduko 80 kilometroko abiadura gainditu dezakete.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du ostiral honetarako Euskadin haize-arriskuagatik, haizeguneetan orduko 100 kilometro baino gehiagoko ufadak espero baitira.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, abisu horia ezarriko dute haize-arriskuagatik ostiral honetan 00:00etatik 24:00etara. Iragarpenen arabera, hego-ekialdeko haize-boladek orduko 100 kilometroko abiadura gainditu dezakete, batez ere mendi inguruetan. Arratsalde-gau partean hego-ekialdeko haizea zakartu egingo da.
Gainera, haizeguneak ez diren lekuetan abisu horia aktibatuta egongo da 06:00etatik 24:00etara. Ordu horietan, hego-ekialdeko haize-boladek orduko 80 kilometroko abiadura gainditu dezakete. Arratsalde-gau partean hego-ekialdeko haizea zakartu egingo da.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, tenperatura nabarmen igoko da ostegunean. Maximoak 15 ºC ingurukoak edo pittin bat altuagoak izango dira, baina minimoek behera egingo dute; baliteke Araba eta Nafarroako txoko batzuetan izotza botatzea. Zeruan hodeiak eta urdinguneak ikusiko ditugu eta ateri eutsiko dio.
Hori bai, arratsaldean hodeiak ugarituko dira eta baliteke gauean, hegoaldeko eskualdeetan gehienbat, euria egitea, bereziki Nafarroan. Ekialdeko haizea ibiliko da eta azken orduetan hego-ekialdetik finkatuko da.
Ostiralean hego-ekialdeko haizeak indarra hartuko du eta oso zakar ibiliko da. Horren ondorioz, tenperaturak gora egingo du ipar isurialdean eta 20 ºC-ak gaindituko dira; hegoaldean apur bat baxuagoak izango dira maximoak. Zeruan erdi mailako hodei eta goi-hodei dezente ikusiko ditugu, ostarte batzuekin, batez ere kostaldean. Tenperatura minimoak ere dezente igoko dira.