Gizartea -

Koronabirusa

Araban eta Bizkaian haurrek seiko taldeetan entrenatu ahalko dute

Arabako eta Bizkaiko aldundiek eskola-kirola mantentzea erabaki dute, Jaurlaritzak ezarritako mugekin bada ere. Gipuzkoan, berriz, bertan behera utzi dute.  

Umeak futbolean jokatzen hondartza batean. Argazkia: Lorentxo Portularrume
Umeak futbolean jokatzen hondartza batean.
Umeak futbolean jokatzen hondartza batean. Argazkia: Lorentxo Portularrume

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pandemia gelditzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak ezarritako neurri murriztaileak kontuan hartuta, Bizkaiko Foru Aldundiak lehiaketak bertan behera utzi ditu eskola-kirolean.

Alabaina, taldean entrenatzea posible izango da. Gehienez sei partaide eta entrenatzaile bat egon ahalko dira. Eremu berean talde bat baino gehiago egon daiteke, betiere edukiera muga errespetatzen bada.

Halaber, ahalbidetuta egongo da entrenatzeko ondoko herrira joatea.

Kirol profesionalean eta erdi-profesionalean baimenduta egongo dira joan-etorriak entrenatzeko nahiz lehiatzeko. Ikusleen edukiera % 50era murriztuko dute. Toki itxietan gehienez 400 pertsona bildu ahalko dira, eta 600 aire zabalean. Hori bai, lehiaketa jokatzen den udalerriko bizilagunak soilik bertaratu ahal izango dira.   

Horrez gain, arrauna, atletismoa, txirrindularitza edo automobilgintza bezalako kiroletan eremua eta ibilbidea zein izango den aurrez zehaztu beharko da, eta gehienez 600 ikusle elkartzea baimenduko dute.

Arabako Foru Aldundiak ere erabaki du eskola-kiroleko entrenamenduak mantentzean, arestian aipatutako sei pertsonako mugarekin.

Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, eskola-kirola bertan behera uztea erabaki zuen joan den astean eta gaur baieztatu du erabaki horrek indarrean jarraitzen duela, "osasun-egoerak okerrera egin duelako".

 

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kirolak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak Koronabirusa Alarma egoera Eskola kirola Gipuzkoa