Gizartea -

Koronabirusa

Larrialdi egoeran dauden udalerriek arduraz jokatzeko deia egin diete herritarrei

"Gune gorrian" dauden 28 udalerriek zenbait neurri murriztaile bete beharko dituzte kutsatzeak geldiarazteko.

Durango da "zona gorrian" dagoen udalerrietako bat. Argazkia: EFE
Durangoko sarrera.
Durango da "zona gorrian" dagoen udalerrietako bat. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larrialdi egoeran dauden 28 udalerriek arduraz jokatzeko deia egin diete herritarrei, koronabirusaren hedapena gelditu ahal izateko. Horrela, bada, Eusko Jaurlaritzaren prebentzio neurriak eta gomendioak betetzeko eskatu dute.

Herri horietan 100.000 biztanleko 500 positibo baino gehiago atzeman dituzte azken 14 egunetan. Hori dela eta, Osasun Sailak jarduera eta harreman sozialak mugatzea helburu duten neurriak hartu ditu.    

Testuinguru kezkagarri honetan, Urnietako Udalak herritarrak eta sektorerik kaltetuenak informatzeko kanpainak abiatuko ditu. Era berean, Udaltzaingoan txandak indartuko dituzte, kalean patruila gehiago izan eta arauak betetzen direla zaintzeko.  

Koldobike Olabide Legazpiko alkateak onartu du kezkatuta daudela, eta harreman sozialak "ahalik eta gehien" murrizteko deia egin du. Ildo horretan, Udalak antolatutako eta funtsezkoak ez diren ekimen guztiak bertan behera utzi dituzte.

Horrez gain, ostalarien alde agertu da. Tabernariak "gauzak ondo" egiten ari direla esan du, baina bezeroak "erlaxatu" egiten direla ohartarazi du. Pedagogia eta ardura eskatu ditu, tentsioa mantentzeko; izan ere, "koronabirusa jendea hiltzen ari da".    

Eibarko Udalak ohar bat argitaratu du atari digitalean, herrian osasun egoera zein den zehazteko eta bizilagunei prebentzio neurriak bete ditzatela eskatzeko.

Koldo Goitia Lekeitioko alkateak adierazi du lekeitiarrak "oso arduratuta baina lasai" daudela kutsatzeen gorakada dela eta. Hori bai, bigarren etxebizitza bertan dutenei asteburuan Lekeitiora ez joateko eskatu die.

Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak agindu du Udal Gobernuak "ahal duen guztia" egingo duela Jaularitzak ezarritako neurriak eta gomendioak bete daitezen. Horrez gain, kaleak garbitzeko zerbitzua indartu dutela eta parke publikoetan gelak banatu dituztela jakinarazi du.

Bestalde, Durangon baheketa masiboa egiten ari dira egunotan, sintomarik gabeko kasu positiboak atzemateko. Testak 16 eta 40 urteko arteko herritarrei zuzenduta daude.

Alabaina, Julian Rios Durangoko alkateordeak proba horiek zabaltzea beharrezkotzat jo du. Hortaz, 40 urtetik gorako bizilagunei, eskualdeko beste herri batzuetan bizi direnei eta Durangon bizi ez arren han lan egiten dutenei ere testak egitea galdegin du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Koronabirusa Bigarren alarma-egoeraren amaiera