Gizartea -

Koronabirusa

Lau alerta maila ezartzea adostu dute Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoek

Bestalde, etxeratze-agindua ezartzeko aukerari buruzko erabakia hurrengo bilera arte atzeratu dute.

Salvador Illa Osasun ministroa. Argazkia: EFE
Salvador Illa Osasun ministroa.
Etxeratze-agindua ezartzeko aukerari buruzko erabakia atzeratu du Espainiako Gobernuak

1:57

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Koronabirusaren pandemiaren aurrean "erantzun bateratua" emateko asmoz, Espainiako Gobernuak eta erkidego autonomoetako agintariek lau alerta maila ezartzea adostu dute,  Salvador Illa Osasun ministroak arratsalde honetan jakinarazi duenez.

Lurralde bat maila batean edo bestean kokatzeko irizpideak eta adierazleak ere adostu dituzte. Erabaki honen helburua erkidego guztiak koordinatuta aritzea dela adierazi dute. Edonola ere, erkidego bakoitzak beste hainbat neurri gehigarri hartzeko eskumena dauka.

Etxeratze-agindua ezartzeko aukerari buruz, baina, ez dute erabakirik hartu eta hurrengo bileran berriro aztertuko dute gaia.

ZURE INTERESEKOA IZAN DAITEKE: Alerta maila bakoitzean ezar daitezkeen neurriak

Plan horren baitan, egoera larrian dauden lurraldeetan, besteak beste, funtsezkoak ez diren zerbitzuak –tabernak eta dendak, esaterako- beranduenez 23:00etan ixtea eta herritarrei etxetik ez ateratzeko gomendatzea adostu dute.  

Osasun agintarien arabera, kutsatze gehienak familia eta lagun giroan ematen dira eta, ondorioz, harreman sozialak mugatzea "neurri eraginkorra" dela ebatzi dute, batez ere eremu itxietan.

Ildo berean, eraginkortzat jotzen dute "bizikidetza talde iraunkorretan burbuila sozialak" egitea edo etxetik derrigorrezkoa denean soilik ateratzea.  

Horrez gain, ahal den heinean, jarduerak aire zabalean egitea gomendatzen dute, baita aireztapen egokia eta prebentzio eta garbiketa neurriak bermatzen ez dituzten establezimenduak ixtea edo edukiera murriztea ere.   

Edonola ere, erkidegoetako gobernuek erabakiko dute zein neurri eta noiz ezarri, aurrez Osasun Ministerioari jakinarazpena bidali beharko badiote ere.

Dokumentua planteatzeko "moduak" ez zaizkio gustatu Jaurlaritzari

Onartutako dokumentua bilerara eramateko "moduak" ez zaizkiolako gustatu, Euskadi bozketan abstenitu dela adierazi du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak; izan ere, "azken orduan" aldaketak egin dituzte, eta ez dute behin betiko erredakzioa oraindik ikusi.

"Dokumentua bilerara eramateko planteamenduarekin ados ez gaudela azaldu dugu, behin betiko erredakzioa ezagutu gabe, goizean bertan Osasun Publikoko Batzordeak landu duelako, eta zenbait aldaketa egin dituzte, baina ez genuen testua esku artean, gaurko bileran onartzeko", erantsi du.

"Nolanahi ere, ez dugu agiria errefusatu. Planteamendua egiteko moduengatik abstenitu gara", zehaztu du sailburuak.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nafarroa Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Osasun albisteak Koronabirusa