Gizartea -

Koronabirusa

Aldundiek erresidentzietako bisiten eta irteeren baldintzak malgutu dituzte

Bizkaian irteera “terapeutikoak” onartuko dituzte, Gipuzkoak COVID-19 kasurik ez dagoen erresidentzitan baimenduko ditu bisitak, eta Araban astean gutxienez bi bisita jaso ahal izango dituzte.

Erresidentzia baten kanpoaldea. Argazkia: EiTB
Erresidentzia baten kanpoaldea. Argazkia: EiTB
Erresidentzia baten kanpoaldea. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko, Gipuzkoako eta Arabako aldundiek zaharren egoitzetako neurriak malgutzea erabaki dute, egungo egoerara egokitze aldera.

Hala, Bizkaiko Aldundiak erresidentzietatik ateratzeko aukera emango die egoiliarrei zentroaren inguruan paseo “terapeutikoak” emateko, senideek edo lagunek lagunduta.

Foru aldundiko iturriek asteazken honetan jakitera eman dutenez, bisitak pertsona batek bakarrik egingo ditu, astean bitan gutxienez, eta gehienez ordubete iraungo dute, prebentzio-neurriak zorroztearekin eta baliabide telematikoekin uztartuz.

Irteerak edo bisitak, kasuaren arabera, ahal dela kanpoko pertsona berarekin egingo dira, baina salbuespenak egon daitezke inguruabarren arabera.

Neurri horiek, zehaztu dutenez, ez dira aplikatuko bizitza amaieran daudenen kasuan, orduan familiei aukera emango baitiete egoiliarra agurtzeko.

Gipuzkoa

Maite Peña Gipuzkoako Gizarte Politiketako diputatuak adierazi duenez, erabiltzaileek bisitak jasotzen eta irteerak egiten jarraituko dute lurraldeko "kasu positiborik ez duten zentro guztietan", eta bisita bakoitzeko pertsona bat, ordubete eta astean bitan egin ahal izango da, aurrez aurrekoak eta telematikoak tartekatuz.

Pandemiaren bigarren oldean zentroetako egoiliarren irteerak birusaren "transmisio bidea" izan direla nabarmendu du Peñak, eta azpimarratu du oreka bilatzen duela "zentroak kutsatzeengandik blindatzearen eta adinekoen bizi-kalitatea eta ongizatea ahultzen ez direla bermatzearen artean".

"Beraz, irteerak egiten jarraitu ahal izango da egoera epidemiologikoak horretarako aukera ematen duen egoitzetan, espazio itxi eta jendetsuak saihestuz, lehentasuna emanez paseatzeari, astean bitan eta zentroaren inguruan, ordubeteko iraupenarekin, eta egoiliar bakoitzeko gehienez ere bi lagunen laguntzarekin".

Araba

Arabako Foru Aldundiak foru agindu bat onartu du, lurraldeko adinekoen egoitzetako bisiten eta irteeren erregimena malgutzeko, maiztasunari eta egoiliarrei lagun diezaieketen pertsona kopuruari dagokienez.

Egoiliarrentzako bisiten kasuan, nahiz eta mugatuta egoten jarraituko duten, ahal dela pertsona batengana, berritasun gisa ezartzen da erabiltzaile bakoitzak astean gutxienez bi bisita jaso ahal izango dituela. Abuztuko aginduan ez zen gutxienekorik eta maximorik ezartzen egoiliarrei bisitak egiteko, eta hori zentro bakoitzaren esku geratzen zen, bakoitzaren gaitasunen arabera.

Aldiz, bisiten iraupena bi ordutik batera murriztu da.

Asteazken honetan onartutako foru-arauan, erresidentziaren inguruan paseatzeko aukera -etxadiari buelta bat ematea, adibidez- egoitza guztietara zabaltzen da, horiek lorategiak edo patioak eduki ala ez.

Egoiliarrek astean bi irteera egin ahal izango dituzte, nahiz eta horietan leku itxiak saihestu beharko dituzten. Bisitekin gertatzen den bezala, irteera bakoitzaren gehienezko denbora bi ordutik batera murriztu da. Hala ere, ibilaldi horietan egoiliarrari lagun diezaioketen senideen kopurua bi lagunera zabaldu dute arau berrian, eta pertsona bat izatetik bi izatera pasatzen da.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela. Ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira EAEn eta Nafarroan. Iparraldean, "espazio publiko itxietan" da derrigorrezkoa, baita Lapurdiko herri eta hiri nagusietan ere.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Adinekoentzako egoitzak Koronabirusa Bizkaiko Foru Aldundia azken orduko albisteak Gipuzkoako Foru Aldundia Arabako Foru Aldundia albisteak