Gizartea -

Koronabirusa

Pentsiodunek zahar egoitzetako egoera salatu dute EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean

Zahar etxeetan neurririk hartzen ez dutela salatu dute, COVID-19ak eragindako heriotzen % 40 zentro horietan gertatu direla azpimarratuta. Pentsiodunek astelehenetako protestei berrekin diete gaur.

Pentsiodunek zahar egoitzetako egoera salatu dute EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean. Argazkia: EFE
Pentsiodunek zahar egoitzetako egoera salatu dute EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean
Pentsiodunek zahar egoitzetako egoera salatu dute EAEko Fiskaltza Nagusiaren aurrean. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduak txosten bat aurkeztu dio gaur Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza Nagusiari, COVID-19aren aurka zahar egoitzetan hartutako neurriak kritikatzeko. Txosten horren bidez salatu dute COVID-19aren ondorioz izandako heriotzen % 40 zahar etxeetan gertatu direla, dela koronabirusaren lehen agerraldian, dela bigarrengoan.

Euskal pentsiodunen izenean, guztira hamabost pertsona bildu dira Carmen Adan Bilboko Justizia Auzitegiko fiskal nagusiarekin, ordubetez.

Hitzordua bukatu dutenean, gogora ekarri dute martxoan Arabako Fiskaltzak izapideak ireki zituela, zentro horietako egoera salatzeko.

Pentsiodunen esanetan, fiskalak azaldu die isilpean gorde behar dituela Fiskaltzak horren harira egindako mugimendu guztiak. Halaber, esan die pertsona bat izendatu dutela koronabirusarekin lotutako izapideak kudeatzeko, eta berori arduratuko dela aurkeztutako txostena gestionatzeaz ere.

Nolanahi dela, pentsiodunek onartu dute ez dutela uste Fiskaltzak ofizioz jardungo duenik. Horregatik, zahar etxeetako egoeraren ondorioak pairatu dituztenei eskatu die salaketak jar ditzatela, arreta zerbitzuan akatsak atzeman badituzte.

Fiskalari gaur emandako dokumentuan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari buruzko informazioa jaso dute. Hain zuzen ere, komunikabideetan agertutako datuak eta zahar egoitzetan dauden adinekoen senitartekoen eta bertako langileen lekukotzak hartu dituzte kontuan.

Fiskalarekin izan ostean, Pentsiodunen Mugimenduak astelehenetako ohiko mobilizazioei berrekin die, abuztuko etenaldiaren ondotik.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dute protesta, baita 70 udalerritan ere.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Nafarroa Araba Gizartea Ekonomia Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Pentsioak Koronabirusa Adinekoei buruzko albisteak