Gizartea -
Koronabirusa
Ikasturte berrirako neurriak iragartzen ari da Jaurlaritza
Nekane Murga eta Cristina Uriarte prentsaurrekoa eskaintzen ari dira, LABIren bileraren ostean, ikastetxeetara itzultzeko hartutako neurri guztien berri emateko.
Agentziak | Erredakzioa
2020-2021 ikasturtearen hasierari begira neurri zehatzak hartuko ditu gaur, ostirala, Eusko Jaurlaritzak, koronabirusak eragindako ezohiko egoera dela eta. Ildo horretatik, ikasgeletara itzultzea Jaurlaritzarentzat "lehentasunezko kezka" dela azpimarratu zuen asteartean Iñigo Urkullu jarduneko lehendakariak.
Testuinguru horretan, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) baitan lehendakariari zuzendari bakar gisa laguntzen dion aholku-batzordearen bileran parte hartuko du gaur goizean Urkulluk. Hain zuzen ere, bilera 10:00etan hasiko da, Lehendakaritzan. Topaketa amaitzean, Nekane Murga eta Cristina Uriarte jarduneko Osasun eta Hezkuntza sailburuek prentsaurrekoa eskainiko dute, ikasturtearen hasierari begira hartutako neurri zehatzen berri emateko. Zehazki, 12:30ean egingo dute agerraldia, eta eitb.eus-en zuzenean jarraitu ahal izango da.
Atzo, osteguna, ikasgeletara itzultzeko neurriak jakinarazi zituen Espainiako Gobernuak. Besteak beste, 6 urte baino gehiago dituzten ikasle guztiek maskara derrigorrez jarri beharko dute eskola-zentroetan, ikasleen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea egonda ere, eta hezkuntza aurrez aurrekoa izango da hezkuntza-sistemako maila eta etapa guztietan, DBHko 2. mailara arteko ikasleentzako aurrez aurreko eskola lehenetsita.
Alabaina, Eusko Jaurlaritzak abstenitzea erabaki du, "eskumenagatik, eta testuaren edukiaren gaineko iritzirik eman gabe". "Euskadik du erabaki horien inguruko eskumena; beraz, ez da zertan inorekin adostu behar", adierazi du Jaurlaritzak.
Ekainaz geroztik, Hezkuntza Sailak ikastetxe guztietara bidalitako protokolo bat eskura dutela nabarmendu zuen Urkulluk asteartean, eta protokolo hori "udan landu" ahal izan dutela gaineratu zuen.
Halaber, ekainetik gaur arte Hezkuntza Sailak 23 bilera egin dituela azpimarratu zuen, "hezkuntza-komunitateko, patronaletako, eskola publikoetako, ikastetxeetako zuzendaritzetako, elkarteetako eta era guztietako eragileekin".
"Hiru aukerekin ari gara lanean. Beste herrialde batzuetan eman den errealitateari ere erreparatzen ari gara, batez ere, Europari", azaldu zuen Urkulluk.