Gizartea -
Kanpaina
Gripearen aurkako txertaketa-kanpaina urriaren 13an hasiko da Euskadin
Arriskurik handiena duten gizataldeei dagokienez, asmoa da kanpaina aurreko astean hastea, Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri duenez.
Agentziak | Erredakzioa
Osakidetzak urriaren 13an hasiko du gripearen aurkako txertaketa-kanpaina orokorra; hori bai, arriskurik handiena duten gizataldeei dagokienez, asmoa da kanpainari aurreko astean ekitea, Nekane Murga Osasun sailburuak iragarri duenez.
SER katean egin dioten elkarrizketa batean, sailburuak onartu du kezkatuta dagoela koronabirus-kasuen gorakadagatik; izan ere, egunero, 500 kasu berri baino gehiago ari dira atzematen. Hala ere, zehaztu duenez, "orain, kutsatutako pertsonak atzemateko gure gaitasuna oso altua da".
"Egunero, 7.000 PCR probatik gora ari gara egiten, eta, ondorioz, sintomarik ez dituzten gaixoak atzematen ari gara, eta paziente gazteagoak. Horrela, gaitzaren bilakaera geldiarazten ari gara".
Nolanahi ere, kutsatutako lagunen kopuruak gora egin duenez, arriskurik handiagoa duten herritarrak ere ari dira kutsatzen, 40 urtetik gorako herritarrak; halaber, gero eta gaixo gehiago daude ospitaleratuta: "Egunero, Zainketa Intentsiboetako Unitatea behar duten pertsonak agertzen dira. Duela hilabete, zainketa intentsiboetan, COVIDagatik, hiru edo bost paziente genituen; egun, aldiz, 20 daude. Eta hori da egunero 500 kutsatu berri ditugulako, ez 50, duela hilabete bezala. Ospitaleratu dituztenekin ere, berdin: bostetik, asteazkenean izandako 39etara pasatu gara. Hori bai, alten kopuruak ere gora egin du", onartu du sailburuak.
Murgak berretsi duenez, ospitaleratzeen gorakadaren aurrean, euskal osasun-sistema "prest dago".