Gizartea -
Koronabirusa
Hernaniko eraikin bateko biztanleak konfinatu dituzte hainbat positibo atzeman ostean
Urumea ikastolatik gertu dagoen eraikinean bizi diren 37 pertsonei PRC proba egin diete.
eitb.eus
Hernaniko (Gipuzkoa) Oarso kaleko eraikin bateko biztanleak konfinatu dituzte, hainbat positibo atzeman ondoren, Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailarekin batera hartu dute neurria, "eraikin horretan bizi diren bizilagunak kutsatuta ote dauden jakiteko". Ildo horretatik, bizilagunek haien etxeetan egon beharko dute PCR proben emaitza jakin arte.
Urumea ikastolatik gertu dagoen eraikinean bizi diren 37 pertsonei PCR proba egin diete..
"Emaitzen araberako neurriak hartuko dira jarraian", azaldu du Udalak.
Hala, herritarrei "lasaitasunez eta arduraz" joka dezaten eskatu die, egoera profesionalen esku baitago, eta "beharren arabera informatuta eta hartu beharreko neurriak jakinaraziko baitzaizkie".
Nekane Murgak, jarduneko Osasun sailburuak, xehetasun gehiago eman ditu Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan. EAEko pandemiaren datuak eguneratzeko agerraldian azaldu du "10 familiatako etxebizitza-bloke batean bizi diren hainbat familiatako kideak" direla kutsatutakoak.
Ildo horretatik, ez daudela konfinatuta azpimarratu du, "PCR proben emaitzaren zain baizik".