Gizartea -

Zaldibarko zabortegia

Zaldibarko zabortegiko jabea eta beste bi arduradun atxilotu dituzte

Jose Ignacio Barinaga Egia Verter Recycling enpresako jabea, Arrate Bilbao Barinaga administratzailea eta Juan Etxebarria zuzendari teknikoa atxilotu ditu Ertzaintzak.

Zaldibarko zabortegia airetik ikusita.
Zaldibarko zabortegia airetik ikusita.
Zaldibarko zabortegia airetik ikusita.

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak Zaldibarko zabortegia kudeatzen duen Verter Recycling 2002 enpresako hiru goi-kargu atxilotu ditu asteartea honetan, otsailean izan zen luiziaren auziarekin lotuta.

EiTBk jakin ahal izan duenez, atxiloketak goizean egin dituzte, Durangoko epaitegiak aginduta. Atxilotuetako bat Jose Ignacio Barinaga Egia Verter Recyclingeko jabea da. Beste biak Arrate Bilbao Barinaga enpresako administratzailea eta Juan Etxebarria zabortegiko zuzendari teknikoa dira.

Lur-jausia otsailaren 6an gertatu zen eta harrezkero Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileak milaka tona hondakin toxiko azpian harrapatuta daude.

Hondamendi honen harira, ikerketa bana daude abian Durangoko eta Eibarko epaitegietan. Durangoko auzitegian, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran langileen desagertzea ikertzen ari dira; eta Eibarren, langileen eskubideen eta ingurumenaren kontrako ustezko delituak ikertzen dabiltza.

Ertzaintzak ekainean epaileen esku utzi zuen txostenaren arabera, zabortegiaren kudeaketan "kriminalitate zantzuak" antzeman zituzten.

Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailak Fiskaltzari igorritako beste dokumentu batean, berriz, luizia gertatu baino egun batzuk lehenago hainbat arrakala agertu ziren zabortegian, baina, hala ere, arduradunek ez zituzten lanak gelditu.  

Bi ikerketa horien arabera, litekeena da Verter Recyclingek bi delitu egin izana: bata, baliabide naturalen aurkakoa, ingurumena eta pertsonen osasuna “arriskuan” jarri zirelako; eta bestea, langileen eskubideen kontrakoa.

Joan den otsailaren 6an, arratsaldeko 16:00etan, erori zen Zaldibarko zabortegia. Milaka tona hondakin azpian harrapatuta geratu ziren Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginak. Halaber, lurjausiak AP-8 autobidea hainbat egunez ixtea eragin zuen.  

Egun gutxitara jakin zen Zaldibarreko zabortegian pilatutako hondakinek amiantoa zutela, Verter Recyclingek material toxikoa biltzeko baimenik ez bazuen ere. Europan inoiz ez da horrelako kasurik izan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Gizartea Eguneko albisteak Durango Albisteak Zaldibar Ingurumena Durangaldea gaur Enpresaburuak Luiziak