Gizartea -
Koronabirusa
Bizkaiko zahar-etxeetako 12 langilek positibo eman dute, eta beste 49 isolatuta daude
Azken egunetan ez dute kasu positiborik atzeman egoiliarren artean, eta uneotan ez dago adinekorik ospitaleratuta. Koronabirusa atzeman dieten 1.617 egoiliar sendatu dira jada.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko zahar-etxeetan lan egiten duten 12 beharginek positibo eman dute COVID-19an, eta beste 49 isolatuta daude probaren emaitza ezagutu zain. Gauzak horrela, azken lau egunetan ez da aldaketarik izan, eta gaur egun ez dago egoiliarrik kutsatuta.
Bizkaiko Foru Aldundiak astelehenean gaurkotutako datuak zabaldu zituen atzo, asteartea. Ildo horretatik, azken egunetan ez dute kasu positiborik atzeman egoiliarren artean, eta uneotan ez dago adinekorik ospitaleratuta.
Dena dela, Bizkaiko zahar-etxeetako 12 langilek positibo eman dute, eta beste 49 isolatuta daude (duela lau egun baino zazpi gutxiago).
Hala, gaur egun Bizkaiko zahar-etxeetan gaixorik ez badago ere, sei adineko Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuan daude (duela lau egun baino bi gutxiago). Horietatik hiru foru sareko zaharren egoitzetako erabiltzaileak dira, eta beste hiru, berriz, zaurtasun-egoeran dauden pertsonak, zeinak koarentenan dauden ospitaleratuta egon ondoren.
Pandemiaren hasieratik, Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusa atzeman dieten 1.617 egoiliar sendatu dira jada.
Osasun-krisia hasi zenetik, guztira 292 pertsona hil dira zentro horietan, eta 32 erabiltzaile COVID-19ak jota hil diren ikertzen ari dira. Osasun-krisiaren unerik txarrenetan 900 erabiltzaile inguru eta 360 langile baino gehiago egon ziren Bizkaiko egoitzetan egun berean kutsatuta.