Gizartea -
Koronabirusa
Euskadin 837 ohe eta Nafarroan 112 itxi dituztela salatu du SATSEk
Sindikatuak salatu du "dirua aurreztea eta osasun langileak kontratatu behar ez izatea" dela arrazoi nagusia, "beste olde bat gerta daitekeela" kontuan hartu gabe.
Agentziak | Erredakzioa
SATSE erizainen sindikatuak salatu duenez, uda honetan gutxienez 7.000 ohe itxi dituzte Espainiako Estatuko ospitaleetan, 837 Euskadin eta 112 Nafarroan, "dirua aurrezteko eta osasun-langileak kontratatu behar ez izateko", kontuan izan gabe "COVID-19a oraindik gure artean dagoela eta litekeena dela beste bolada bat izatea".
Sindikatuak autonomia-erkidegoetan bildutako datuen arabera, gutxienez 7.000 ohe itxi dira Estatuan, horietatik 1.580 Andaluzian, 1.270 Madrilen, 500 Aragoin, 400 Galizian eta 342 Extremaduran.
Kataluniaren kasuan, Kataluniako Osasun Institutuaren (ICS) menpeko ospitaleetako datuen arabera, 518 ohe itxi dituzte.
Asturiasko datuei dagokionez, 290 ohe itxi dituzte bertan; Gaztela-Mantxan, 194; Murtzian, 168; Balearretan, 136; eta Nafarroan, 112.
Halaber, 100 ohe itxi dituzte Kantabrian, 87 Gaztela eta Leonen, 38 Errioxan eta 35 Kanarietan. Valentziako Erkidegoan, administrazioak ez dio daturik eman SATSEri.
Erizainen sindikatuak kritikatu duenez, aurten ere "udako murrizketen ondorioz" ohe gutxiago prestatu eta erizain zein fisioterapeuta gutxiago kontratatu dituzte, eta hori bereziki larria da COVID-19ak eragindako larrialdiaren ostean.
SATSEren arabera, udan autonomia-erkidegoetan COVID-19a duten pazienteen eta beste edozein patologia edo osasun-arazo duten gainerako pertsonen asistentzia hobetzeko eta itxaron-zerrendak murrizteko "txoke-plan bat" ezarri beharrean, "dirua aurreztea lehenetsi da, herritarren eta pazienteen osasunaren eta segurtasunaren kontura".
"Betiko akats berberak egiten dituzte, eta egiaztatzen da osasun administrazio publikoak ezer gutxi ikasi duela koronabirusak eragindako osasun krisi larritik", nabarmendu du.
Gainera, sindikatuek kritikatu dutenez, erkidegoetako osasun zerbitzuek uda amaitu arte geldiarazi dituzte kanpoko kontsultak, proba diagnostikoak eta premiazkoak ez diren ebakuntza kirurgikoak.
Udako "murrizketek" osasun zentroei ere eragiten dietela ere nabarmendu du, eta, ondorioz, horietako askok arratsaldeetan ateak ixten dituzte.
Sindikatuaren arabera, osasun sistema ez dago prest udan COVID-19aren beste agerraldi bat kudeatzeko.