Gizartea -
Koronabirusa
Bizkaiko zahar-etxe bateko egoiliar bat ospitaleratuta dago eta 15 langile gaixorik
Pandemiaren hasieratik, Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusa atzeman dieten 1.613 egoiliar sendatu dira jada.
Agentziak | Erredakzioa
Bizkaiko zahar-etxeetan gaur egun ez dago koronabirusa duen egoiliarrik, eta horietako bat baino ez dago ospitaleratuta COVID-19agatik. Testuinguru horretan, azken bi egunetan ez da aldaketarik izan. Dena dela, gaitza atzemateko orain arte egin dituzten detekzio-probetan positibo eman duten 15 langile gaixorik daude oraindik.
Bizkaiko Foru Aldundiak asteazken honetan gaurkotu ditu lurraldeko 155 zahar-etxeak (10.748 egoiliar guztira) osatzen duten sarearekin lotutako datuak. Hala, Bizkaiko zentroetan momentuz ez dago koronabirusarekin kutsatutako egoiliarrik, nahiz eta horietako bat ospitaleratuta egon.
Astelehenean emandako datuekin alderatuta, gaur egun bi langile gutxiago daude koronabirusarekin kutsatuta (15 guztira). Gainera, hiru behargin gutxiago daude isolatuta (66 guztira), baina oraindik ez diete baieztatu COVID-19a duten edo ez.
Birjinetxeko unitate soziosanitario espezializatuak hamar pertsona hartzen ditu; sei egoiliarrak dira, eta, lau, ospitaleratuta egon ondoren egun koarentenan daudenak.
Pandemiaren hasieratik, Bizkaiko zahar-etxeetan koronabirusa atzeman dieten 1.613 egoiliar sendatu dira jada.