Gizartea -

Koronabirusa

Osakidetza: "COVID-19a ez dago oporretan"

Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak herritarrei erantzukizuna eskatu die berriro, hondartzetan zein garraio publikoan pilaketak saihesteko eta balizko agerraldiak eragozteko.

Jendea Kontxako hondartzan, Donostian, ostiralean. Argazkia: EFE
Jendea Kontxako hondartzan, Donostian, ostiralean. Argazkia: EFE
Inoiz baino garrantzitsuagoa da erantzukizun indibiduala eta kolektiboa

2:20

Agentzia | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"COVID-19a ez dago oporretan", ohartarazi du Nekane Murga Osasun sailburuak. Horregatik, herritarrei erantzukizuna eskatu die berriro, hondartzetan zein garraio publikoan pilaketak saihesteko eta balizko agerraldiak eragozteko; izan ere, Euskadi "hasierako kutxatilara" itzuli daiteke.

Azken egunetan, eguraldi onarekin, hondartzetan, pasealekuetan eta metroan ikusi diren irudiak eta pilaketak ez dira errepikatu behar, Murgak prentsaurrekoan azpimarratu duenez. Hondartzen erabilera "dinamikoa" egiteko gomendioa eman zuen Osasun Sailak, gogorarazi duenez.

"Taldean, toallak, edariak, kremak partekatuz eguzkipean ez etzan. Hori da beti saihestu behar duguna", eskatu du sailburuak.

Murgaren ahotan, kutsatzeko gaitasuna baina sintomarik ez duen pertsona batek dozenaka lagunekin kontaktua izan dezake egoera horietan. "Dinamika horiek oso zail egingo lukete harremanen ikerketa eta transmisioa gelditzea, eta gaixotasunaren susperraldi berri bat izan dezakegu", ohartarazi du.

Pasealekuak lepo daudenean eta segurtasun distantzia gordetzea ezinezkoa denean maskara erabiltzea "ezinbestekoa" da, ziurtatu duenez, "baita hondartzetan ere".

Era berean, garraio publikoa "kontu handiz" erabiltzea eskatu du agintariak: "jende asko dagoenean, eta aisialdirako erabili behar denean ongi pentsatu. Garraio publikoa lepo dagoenean erabiltzea saihestu behar dugu".

"Udarak ezberdina izan behar du, harremanak izateko beste modu batzuk bilatu behar ditugu"

Euskadiren egoera epidemiologikoa "ona" dela azpimarratu du Murgak, baina helburua egindako bidea ez desegitea dela gaineratu du, eta deskribatutako egoera horiek denak "arriskutsuak" dira. Erakundeak lanean ari direla gogorarazi du, baina herritarren "inplikazio aktiborik gabe alferrik" ari direla onartu du.

Hondartzak "estigmatizatu" nahi ez dituztela adierazi du. Horregatik, esandakoa jendetza biltzen den edozein tokirako balio duela erantsi du.

Konfinamenduak luze jo duela ulertzen du arduradunak, eta bereziki gazteei zuzendu zaie: "udarak ezberdina izan behar du, harremanak izateko beste modu batzuk bilatu behar dituzte".

"Guztion artean" hondartzaz gozatu ahal izateko "oreka" bat lortzea espero du Murgak. "Debekua ez dugu gustuko, eta hondartza guztietara sartzea debekatzea ez litzateke bidezkoa", esan du.

"Atzera ez egitea, egindako bidea ez desegitea guztion ardura da, bizitzetan izan ditzakeen ondorioak sekula ahaztu barik", laburbildu du buruzagiak.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak derrigorrezkoak dira garraio publikoan, baita kalean eta leku itxietan ere, bi metroko segurtasun-tartea bermatu ezin bada.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Hondartzak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Medikuak Oporrak Erizaintza Garraio publikoa Koronabirusa Deseskalatzea