Gizartea -

Koronabirusa

Urkulluk COVID-19aren pandemiaren aurrean guardia ez jaisteko eskatu die gazteei

Hainbat gazte-elkartetako ordezkariekin izandako topaketan, lehendakariak nabarmendu du ezin dela suntsitu "banako eta taldeko ahalegin handia eginez lortutako guztia".

Iñigo Urkullu hainbat gazte-elkarterekin bildu da, Bilbon. Argazkia: EFE.
Iñigo Urkullu hainbat gazte-elkarterekin bildu da, Bilbon
Iñigo Urkullu hainbat gazte-elkarterekin bildu da, Bilbon. Argazkia: EFE.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iñigo Urkullu lehendakariak koronabirusaren pandemiaren aurrean guardia ez jaisteko eskatu die gazteei, ez suntsitzeko "banako eta taldeko ahalegin handia eginez lortutako guztia".

Hainbat gazte-elkartetako hogei bat ordezkarirekin batzartu da Urkullu, Bilbon, ostiral honetan. Lehendakariak eskerrak eman dizkie, konfinamenduan boluntario gisa duten konpromisoari eutsi baitiote.

Ekitaldian, erakundeetako beste ordezkari hauek ere izan dira: Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea eta Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea.

Hogei bat gazte-elkarte ere izan dira topaketan; besteak beste, Junior Enpresetako Euskal Federazioa, Ajebask, Euskal Herriko Eskautak, Novia Salcedo Fundazioa, Kale Dor Kayiko, Erasmus Student Network, EuskarAbentura Espedizioa edo EHUko Ikasle Kontseilua.

Urkulluk, bere hitzaldian, adierazi du Eusko Jaurlaritza lanean dabilela, hainbat programa berriro bideratu eta aktibatzeko; tartean, gazte-sartzerako prestakuntza, hezkuntza-mundutik lan-mundurako trantsizioa, edo toki- eta eskualde-planen sustapena, gazteentzako kuotekin.

Gazteentzako "protagonismoa", Enplegurako Planean

Testuinguru horretan, Marcos Murok zehaztu du gazteek "protagonismoa" izango dutela Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den Enplegurako Planean; COVID-19aren ondorioei aurre egitea du helburu plan horrek, eta, guztira, 2020an 175 milioi euroko inbertsioa ekarriko du. 2024an, horren esanetan, 1.670 milioi euroko inbertsioa ekarriko du.

Maialen Olabe Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidenteak neurriak hartzea eskatu dio lehendakariari, gazteek "bizitza-proiektua garatzeko aukera izan dezaten, modu egokian", pandemiak eragindako krisiaren ostean.

Enpleguari dagokionez, Maialen Olabek aldeztu du "berebiziko garrantzia" eman diezaiotela sortu ahal diren lanpostuen kalitateari, lan-sartzea hobetu ahal izateko. 

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu dira; beraz, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu COVID-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak gomendagarriak dira sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude, eta derrigorrezkoak garraio publikoa erabiltzen baduzu.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak Iñigo Urkullu biografia Zer gertatu da gaur Bizkaian? Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Gaixotasunak argazkiak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak gaur COVID kasuak Zer egin daiteke Euskadin? Konfinamenduaren deseskalatzea