Gizartea -
Koronabirusa
Erkidegoek paseatzeko eta kirola egiteko ordutegiak moldatu ahalko dituzte 1 fasean
Eguraldiaren arabera egin ahal izango dituzte moldaketak, Espainiako Gobernuak baieztatu duenez.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdietarako zuzendariak jakinarazi duenez, konfinamendua malgutzeko 1 fasean ere indarrean egongo dira paseatzeko, kirola egiteko edo umeekin kalera irteteko ordutegiak. Hori bai, erkidegoek aldaketak egin ahal izango dituzte eguraldiaren arabera.
Bestalde, lehen fasean baimenduta egongo da herritarrak udalerritik ateratzea. Espainiako Gobernuak muga probintzia izatea proposatu du, baina erkidegoen esku egongo da aukera hori gehiago zabaltzea edo ez.
Erkidegoek zer-nolako aldaketak egiten dituzten jakin bitartean, 14 urtetik gorako pertsonak 06:00etatik 10:00etara eta 20:00etatik 23:00etara bitartean atera daitezke paseatzera edo kirola egitera.
Laguntza behar duten pertsonak eta 70etik gorakoak 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara atera daitezke kalera.
Heldu batek lagunduta, haurrak 12:00etatik 19:00etara bitartean irten daitezke etxetik.
5000 biztanletik beherako udalerrietan ez da ordutegi mugarik ezarri kalera irteteko, paseatzeko edo kirola egiteko.