Gizartea -
Koronabirusa
Deseskalatzean osasun arreta bermatu eta gaixotasunari aurre egiteko egoeran dago EAE
Hiru lurraldeetan 1etik behera dago kutsatzeen indizea, eta osasun krisiaren une zailenetan erabili ziren ZIUko oheen erdia baino gehiago dago libre.
agentziak | erredakzioa
EAEn kutsatzeen indizea batetik beherakoa da (0,80) eta osasun krisiaren une okerrenetan erabili zituzten ZIUko oheen erdia baino gehiago dago libre. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak uste du nahikoa gaitasun baduela deseskalatzeari ekiteko, eta berak antolatu nahi du zuzenean.
Osakidetzak geroz eta datu hobeak ditu eskuartean, Nekane Murga Osasun sailburuak "ezinhobe"tzat jo dituenak, kutsaduren beste agerraldi bat balego aurre egiteko eta "normaltasun berria" iritsi arte faseak burura eramateko.
EAEn 15.000 pertsona kutsatu dira guztira pandemia hasi zenetik, eta Estatuko bosgarren erkidegoa da birusa gehien sufritu dutenen artean, Madrilen, Kataluniaren eta bi gaztelen atzetik.
Une honetan 558 gaixo daude ospitaleratuta eta 97 daude ZIUn. Martxoaren amaieran izan zen osasun egoeraren garai txarrena, eta 2.000tik gora ziren ospitaleratuak eta 232 ZIUn zeudenak.
Datu horiekin, eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan kutsatze indizea (pertsona batek kutsatzen duen pertsona kopurua) 1etik beherakoa dela kontuan izanda, deseskalatzean aurrera egiteko egoera onean omen dago EAE.
Erresidentzietako egoerak ere hobera egin du, nahiz eta guztira 1.300 adineko kutsatu eta 450 bat hil diren krisia hasi zenetik.
Lurraldeka, Araban 3.962 positibo zenbatu dituzte guztira; Bizkaian, 8.844; eta Gipuzkoan, 2.713. Gasteizen izan dira Arabako ia positibo guztiak, 3.216, eta Bilbon 3.000tik gora.
Aurrerantzean, Osasun sailburuak esan du aurrerantzean kutsatze berriak eta horien kontaktuak atzematea dela "giltza". Dagoeneko 96.000 PCR proba eta 45.000 test azkar egin dituzte, eta egunero 10.000 diagnosi inguru ematen ari dira.