Gizartea -
KORONABIRUSA
Egunean 50 bat joan-etorri egiten ditu Ertzaintzak, etxez-etxeko osasun zerbitzuan
Oraingoz, Gasteizen, Basaurin, Getxon, Mungian, Zallan, Balmasedan, Tolosan, Andoainen, Irunen, Deban, Eibarren, Zarautzen eta Errenterian ari dira etxez-etxeko arretarako langileei laguntzen.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
COVID-19a dela eta alarma egoera ezarri zenetik, Ertzaintzak egunean, batez beste, 50 bat joan-etorri egiten ditu etxez etxeko bisitak egiten dituzten lehen-mailako arretako osasun langileak garraiatzen. Orain arte, era horretako 600 bat joan-etorri egin dituzte 24 ertzainek.
Segurtasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez, Gasteizen, Basaurin, Getxon, Mungian, Zallan, Balmasedan, Tolosan, Andoainen, Irunen, Deban, Eibarren, Zarautzen eta Errenterian ari dira etxez-etxeko arretarako langileei laguntzen.
Hasiera batean, Arkauteko Akademian formakuntzan dauden agenteak hasi ziren zerbitzu hori ematen, baina gerora Ertzaintzako beste sail batzuetako kideak ere batu dira etxez-etxeko arreta eskaintzera.
Lan hori egiteko erabiltzen dituzten polizia-ibilgailuak Trafikoko Unitateko lau plazako furgonetak dira. Ibilgailuetako eserlekuak plastikoarekin estalita daude, eta ibilgailu guztiak desinfektatu egiten dituzte, gutxienez, egunean behin.