Gizartea -
COVID-19tik immunizatutakoak
Ez, Osakidetza ez dabil plasma-emaileen bila WhatsApp bidez
Arabako Odol Emaileen Elkarteak barne deialdi bat egin du COVID-19 gaitza gainditu duten pertsonek plasma eman dezaten, baina biralizatu egin da kontrolik gabe, eta "gainezka" daude.
EITB
Azken egunotan, Arabako Odol Emaileen Elkartearen mezu bat hedatu da WhatsApp bidez. Bertan, boluntarioak eskatzen dira plasma emateko COVID-19 gaixotasuna "gainditu" duten pertsonen artean, "gaixo dauden pertsonak sendatzeko" baliagarria izan baitaiteke. Hala ere, aukera hori oraindik guztiz frogatu gabe dagoela azaltzen da aipatu mezuan.
EiTBren #Koronabuloak ekimena, koronabirusarekin zerikusia duten albiste faltsuei aurre egiteko lanean ari dena, odol-emaileen elkarte horrekin jarri da harremanetan. Azaldu digutenez, astelehen honetan egin zuten deialdia "elkarte barruko kanalen bitartez", aldez aurretik datu-basean erregistratuta zeuden odol-emaileei zuzenduta baitzegoen.
Hala ere, uneren batean norbaitek WhatsApp bidez partekatu zuen mezua eta berehala zabaldu zen; horren ondorioz, dei andana ari dira jasotzen eta "gainezka" daude.
Hartara, Aste Santuko oporraldia amaitu arte deitzeari uzteko eskatu dute Arabako zentrotik. Horrez gain, bereziki azpimarratu dute deitzen dutenek, COVID-19 gaitza gaindituta izateaz gain, honako beste baldintza hauek ere bete behar dituztela:
- 60 urtetik beherakoak izatea.
- Aldez aurretik inolako odol-transfusiorik jaso ez izana.
- Hilotz batetik ehunik jaso ez izana.
- Emakumeen kasuan, haurdun egon ez izana.
- Lehentasuna ematen zaie Euskal Autonomia Erkidegoko emaileei.
Azkenik, berriro nabarmendu dute, deia EAE osorako orokorra den arren, goian aipatutako baldintzak bete gabe ezin dela programa honetan sartu. Baldintzak bete eta plasma eman nahi dutenek, berriz, beren probintziako odol-emaileen elkartearekin jarri beharko dute harremanetan.
Antzeko gertaera Galdakaoko ospitalean
Antzeko egoera bat gertatu zen Galdakaoko ospitalean ere duela zenbait egun. Izan ere, osasun-zentrotik ekimen bat jarri zuten martxan COVID-19 gaitza gainditu duten boluntarioak bilatzeko, saiakuntza kliniko batean parte har zezaten. Saiakuntza horren oinarria zen "koronabirusak kutsatuta dauden gaixoak dagoeneko birusak immunizatutako pertsonen serumarekin artatzea".
Proiektuan inplikatutako profesional batek honako hau adierazi zigun orduko hartan: "WhatsApp ez da horrelako gauzak bideratzeko modu egokia. Beste zentro batzuekin batera, saiakuntza kliniko batean parte hartzen ari gara, baina ez da hori plasma emateko prest dauden pertsonengana jotzeko modua".
Gainera, WhatsAppeko mezua birbidaltzeari uzteko eskatu zuen, telefonogunea deiz gainezka baitzegoen, ospitaleko jarduera normaltasunez garatzea eragotziz.
Buloei aurre egiteko xede horretan, EiTB VOST Euskadirekin (Euskadiko Larrialdietako Boluntario Digitalen Elkartea) eta Maldita.es webgunearekin ari da lankidetzan egun hauetan. Horrez gain, Eva Caballero kazetariak zuzendutako Radio Euskadiko La Mecánica del Caracol zientzia eta teknologiari buruzko dibulgazio-programan parte hartu ohi duten adituen laguntza ere badu.