Gizartea -
KORONABIRUSA
Urkullu "erabat prest" dago estatu-akordioak lortzeko
Koronabirusaren pandemiak sortutako egoerari aurre egiteko, estatu-itunen alde agertu da lehendakaria.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Moncloako Itunak berrargitaratzeko Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak egindako planteamenduari erantzunez, Iñigo Urkullu lehendakaria "erabat prest" agertu da estatu mailako akordioak lortzeko koronabirusaren pandemiaren aurrean.
Akordio horiek trantsizioan izan zirela gogoratu ostean, "egungoaren guztiz bestelako egoera batean", Urkulluk azpimarratu du garrantzitsuena "guztion ongia" lantzea dela, "elkarrekiko errespetuan eta onarpenean oinarrituta".
Lehendakariak agerraldia egin du Gobernu Kontseilu telematikoa egin ostean, eta Sanchezek Moncloako itunak berrargitaratzeko egindako proposamena izan du hizpide, koronabirusaren krisiari erantzun bateratua emateko.
Iñigo Urkulluren esanetan, 1977an, trantsizioan akordio horiek sinatu zirenean, izan ziren inguruabarrak "gaur egungoekin alderatuta erabat desberdinak ziren".
Horregatik, "adibide gisa jartzen denari buruz hausnartu" behar dela uste du, une hartan izan ziren gorabeherak egungoekin alderatuta erabat ezberdinak baitira.
"Edonola ere, bai defendatzen dut egungo egoerara egokitutako estatu-akordioak martxan jartzea. Beharrezkoa iruditzen zait egungo egoera estatu mailan akordioak hartzeko beharrezkotzat jotzea", adierazi du.
Nolanahi ere, bere ustez, garrantzitsuena ez litzateke topagunearen izena, "guztien ongia lantzea baizik, elkarrekiko errespetuan eta aitortzan oinarrituta". "Zentzu horretan, prest nago", esan du.