Gizartea -

Indarkeria matxista

Bi atxilotu Gasteizen eta Santurtzin, bikotekidea eta bikotekide ohia erasotzeagatik

Gasteizen, 29 urteko gizon bat atxilotu dute Zaramaga auzoan, bikotekidea erasotzeagatik. Santurtzin, Mamariga auzoan, 37 urteko beste gizon batek bikotekide ohiari eraso egin dio.

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gasteizko Udaltzaingoak 29 urteko gizon bat atxilotu du, Zaramaga auzoko etxebizitza batean bikotekidea erasotzeagatik. Gertaera igandean, 13:00ak aldera, izan zen. Bikotearen pisukide batek Udaltzaingoari deitu zion erasoaren berri emateko.

Bertaratu ziren agenteek telefonoz deitu zuen lagunarekin, ustezko erasotzailearekin eta haren biktimarekin hitz egin zuten. Euren adierazpenak entzun eta emakumeak hainbat lesio marka zituela egiaztatu ondoren, gizona atxilotu zuten, Udaltzaingoak jakinarazi duenez.

Santurtzin, 37 urteko gizon bat atxilotu dute gaur, bikotekide ohiari eraso egitea egotzita. COVID-19aren konfinamendua iraun bitartean elkarrekin bizi ziren etxebizitza berean, seme-alaben zaintza partekatzeko, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez.

03:00ak aldera, adingabe batek Ertzaintzari deitu dio, bere aitaordeak Mamariga auzoko etxebizitza batean ama jipoitu zuela ohartarazteko.

Hainbat polizia bertaratu, eta biktimarekin harremanetan jarri dira. Emakumeak, oso urduri, ertzainei bere bikotekide ohiak iletik tira egin eta lepotik heldu diola salatu du.

Biktimak azaldu duenez, telebistaren bolumen altuagatik eta bere bikotekide ohiak telefonoz oihuka hitz egin zuelako hasi da eztabaida. Emakumea seme-alaben gelan babestu da, eta haietako batek egin du sorospen deia.

Ertzainek ustezko erasotzailea identifikatu eta atxilotu dute, genero-indarkeria delitu bat egotzita. Ertzain-etxera eraman ostean, aske geratu da, eta hurrengo orduetan epailearen aurrera aurkeztu beharko da.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta / edo deitu doako telefono hauetako batera:  900 840 111 (Euskadin) edo 016 (Estatu osoan). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Albiste faltsuak zabaldu arren, agintariek emandakoei bakarrik egin kasu. Zalantzarik baduzu edo gaitza hedatu den gune batera bidaian joan ostean sintomarik baduzu, Osasun Kontseiluaren telefonora dei dezakezu: 900 20 30 50 (EAE) eta 948 290 290 (Nafarroa). Gogoratu COVID-19 gaitza ez hedatzeko modurik eraginkorrena eskuak sarri garbitzea dela; ahoa estaltzeko maskarak bakarrik dira gomendagarriak sintomak badituzu edo adineko pertsonekin edo immunodeprimituekin harremanetan bazaude.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Santurtzi Euskal Autonomia Erkidegoa Delituak Salaketak Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak Matxismoa gaur Zaramaga auzoa