Gizartea -
Koronabirusa
Gaurko txaloak koronabirusagatik hildako erizainaren omenez izango dira Barakaldon
Zorrotzaurreko IMQ klinikan lan egiten zuen erizain laguntzailea larunbatean hil zen. Udalak babesa eta "animoak" adierazi dizkie haren lagun, lankide eta senideei.
Agentziak | Erredakzioa
Arratsaldero 20:00etan osasun arloko langileei eskaintzen zaien txalo zaparrada gaurkoan joan den larunbatean hil zen erizain laguntzailearen omenez izatea proposatu die Barakaldoko Udalak barakaldarrei; izan ere, Bizkaiko udalerri horretan bizi zen.
Udalak gogora ekarri duenez, Zorrotzaurreko IMQ klinikan lan egiten zuen barakaldar laguntzaile hori "COVID-19 gaitzaren aurkako borrokan aritu zen osasun arloko bigarren biktima da Euskadin". Koronabirusean positibo eman zuen profesional horrek beste patologia bat zuen, eta Gurutzetako Ospitalean hil zen, bertan asteazkenetik izan ondoren.
Hori dela eta, "arratsaldeko 20:00etan koronabirusaren aurka borrokan ari diren osasun arloko profesionalei eskaintzen zaien txalo zaparrada gaur Laura gure auzokideari” emateko eskatu die Udalak barakaldarrei. Halaber, babesa eta "animoak" adierazi dizkie haren lagun, lankide eta senideei.