Gizartea -
Pandemia
Ertzaintzak eta udaltzainek errepide kontrolak egingo dituzte berriz asteburuan
Konfinamenduaren neurriak ez betetzeagatik jarritako isunak 600 eurokoak dira gutxienez.
agentziak | erredakzioa
Ertzaintzak eta udaltzainek errepideko eta garraio geltokietako kontrolak indartuko dituzte ostiraletik igandera, asteburuan jendea ez dadin oporraldirako bigarren etxera joan, koronabirusari aurre egiteko konfinamendua dela eta.
Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gogorarazi duenez, konfinamenduaren neurriak urratzeagatik zigorrak jar ditzakete, eta isunak 600 euroan hasten dira, Herritarren Segurtasun Legean jasota dagoen moduan.
Prebentziozko kontrolek "alarma-estatuaren ondorioz ezarritako jarduera eta mugimendu murrizketak betetzen direla bermatu" nahi omen dute; izan ere, uneotan, herritarrek lanera edo lehen mailako beharrak asetzeko soilik erabil ditzakete bide publikoak.
Horren harira, Segurtasun Sailak berretsi du opor edo aisialdiko irteerak erabat debekatuta daudela, eta konfinamendua ohiko bizilekuan egin behar dela.
Gainera, alarma-egoeran eta osasun publikoaren larrialdi kasuetan, Ertzaintzak errepideak edo bideak ixteko eskumena du, beharrezko jotzen badu. Era berean, gidariei joan-etorriaren azalpen argia, justifikatua eta egiaztagarria eska diezaiekete.