Gizartea -
EiTB Focus
EAEko herritarren ia % 28k ezagutzen dute koronabirusak kutsatutako norbait
Euskal herritarren % 41en iritziz, COVID-19 gaitzaren krisiak 1-2 hilabete iraungo du; ia % 40k, baina, uste dute 3 hilabete edo gehiago iraungo duela.
EiTB
EAEko herritarren % 27,6k ezagutzen dute, "zuzenean eta pertsonalki", koronabirusa duen pertsonaren bat, hemeretzigarren EiTB Focus inkestaren bigarren aleak ondorioztatu duenez. Asteleheneko lehen parteak egin zuen bezala, COVID-19 gaitzak Euskadin eta mundu osoan sortutako krisia izan du hizpide inkestak; horren arabera, euskal herritarren % 41ek uste dute krisiak 1-2 hilabete iraungo duela, baina ia % 40ren iritziz baliteke 3 hilabete edo gehiago irautea.
Lehen partean, hemeretzigarren EiTB Focus inkestak argi utzi zuenez, euskal herritarrek uste dute koronabirusak gogor joko duela ekonomia; hala uste zuten inkestatuen % 90ek baino gehiagok Euskadiko ekonomiari dagokionez, eta % 95ek baino gehiagok Espainiari eta munduari dagokienez. Alarma-egoeraren bigarren astean egin zuten inkesta.
EiTB Taldearen makroinkestak oraingoan agerian utzi du euskal herritarren % 27,6k ezagutzen dutela, zuzenean, COVID-19 gaitza duen edo izan duen pertsonaren bat. % 71k, aldiz, ez du koronabirusak jotako inor ezagutzen.
Koronabirusaren krisiaren iraupenaz galdetuta, herritarren % 41,5ek uste dute 1-2 hilabete iraungo duela; % 21en iritziz, krisiak 2-3 hilabete iraungo du; inkestatuen % 18k, baina, 3 hilabetetik gora iraungo duela esan dute.
Herritarren % 53,4ren ustez, krisi honek ez du aldaketarik ekarriko kontsumo-ohituretan (adibidez, kontsumo jasangarriaren aldeko apustua egiteko); % 39,4k, aldiz, baietz pentsatzen dute.
Inkestatuen ia % 10ek aitortu dute erosketak egitera joan direla alarma-egoeran, nahiz eta premiazko beharrik ez izan, arnasa hartzeko.
Testuinguru horretan, EAEko herritarren ia % 30ek adierazi dute ezagutzen dutela auzoan konfinamendua betetzen ari ez den inor. % 64,3k, alabaina, erantzun dute ez dutela ezagutzen horrelakorik.
Erositako elikagaien kopurua eta Interneten bidezko erosketak
EAEko herritarren % 72,9k ez dute ohi baino elikagai gehiago erosi konfinamendua hasi zenetik. % 27k, berriz, bai egin dute; nabarmentzekoa da 18 eta 35 urte arteko gazteen % 34,2k aitortu dutela normalean baino elikagai gehiago bildu dituztela, baina 65 urtetik gorakoen artean % 15,3k egin dute, horien esanetan.
Internet bidez erosketak egin dituzten galdetuta, euskal herritarren % 79,4k zehaztu dute ez dutela sarean erosketa gehiago egin krisia hasi zenetik.
Fitxa teknikoa
Gizakerrek EiTBren informazio-zerbitzuetarako egindako inkesta EAEn bizi diren 600 pertsona elkarrizketatuta egin da (Arabako 200, Bizkaiko 200 eta Gipuzkoako 200)
La= ±% 2,83, konfiantza-maila % 95, p=q=0´5, EAEko datuetarako.
Inkesten % 24,5 euskaraz egin dira, eta gainerako % 75,5a, gaztelaniaz. Inkesta hori egiteko hautatutako udalen populazio-tamainagatik haztatutako erabateko emaitzak dira.
Landa-lana 2020ko martxoaren 24an eta 25ean egin zuten, elkarrizketak telefonoz eginez. Galdeketen batez besteko iraupena 6,66 minutukoa izan zen: motzenak 4 minutu iraun zuen, eta luzeenak, 13 minutu.